Izan harrera programa bosgarrenez aurkeztu dute
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta SOS Arrazakeriak Izan Harrera programa, bosgarrenez, aurkeztu dute, gaur goizean, Aldundiko prentsa aretoan. Programaren helburua, bertako pertsona boluntarioak errefuxiatuekin eta pertsona migratzaileekin harremanetan jartzea da, bikoteak sortuz eta horrela, harrera prozesua erraztuz eta migrazioaren inguruko estigmei eta estereotipoei aurre eginez. Dagoeneko, hamasei bikote osatu dituzte eta hogei bat lortzea da aurtengo helburua.
Bikote hauek astero elkartzen dira gutxienez zazpi hilabetez eta gehienez urtebete inguruko epearekin, adiskidetasuna eta konfiantza sortzeko beharrezkoan den tartea baita. Denbora honek balio izaten du harremanean sakontzeko, elkarrekin espazio sozialak partekatzeko eta eguneroko beharretan elkar laguntzeko, harrera egoeran daudenen ongizate psikosozial progresiboa ahalbidetuz eta tokiko boluntarioek eta bere inguruak izan ditzaketen estereotipoak apurtuz.
Izan Harrera programak bost urte bete ditu eta pasa den urtetik, errefuxiatuek ez ezik, pertsona migranteek ere jaso ahal izango dute mentoretza hori; izan ere, Silvana Luciani SOS Arrazakeriako kidearen esanetan, “antzeko egoerak bizi ohi dituzte errefuxiatu eta migratuek”. Programa honek aurretik izan duen “arrakasta” berdina izateko, Lucianik “herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu”; izan ere, aukera hau “paregabea da” eta gizarte osoa “aberasten” duen boluntariotza da. Mentoretza harremanen bidez, pertsonek kultura aniztasunari lotutako “aurreiritziak, estereotipoak eta zurrumurru faltsuak deseraikitzen dituzte”, eta, aldi berean, migrazioari lotutako “errealitateak eta bizipenak” ezagutzen dituztela, dio Lucianik.
Halaber, SOS Arrazakeriako kideak erakundeei proposamena zabaldu die, “mentoretza eskaintza gero eta handiagoa izan dadin”. Gaur egun, Zehar Errefuxiatuak, Caritas, Gurutze Gorria eta Arrats dira erakunde laguntzaileak eta bertan dauden pertsona errefuxiatu eta migratuek programa honetan parte hartzen dute.
Mammadou Ciss, 24 urteko maliarra, eta Abigail Caminos, 34 urteko donostiarra, aurreko urteko programaren bikoteetako bat izan ziren. Gaur egun, programarekin amaitu dute eta lagunak izaten jarraitzen dute. Elkar ezagutu eta elkarrekin igeri egiten hasi ziren, astean bitan. Horrek “haien arteko lotura estua” ahalbidetu zuen eta Cissen esanetan, “gimnasiora elkarrekin” joaten hasi ziren eta horri esker, gaur egun, ez du arazorik bakarrik joateko. Halaber, Caminosek ere azaldu du berarentzat esperientzia “oso polita eta oso aberasgarria” izan dela: “Mammadou nire familiaren parte da eta bere kultura eta familia ezagutzera Malira elkarrekin joan nahi dugu”.
Harrera prozesuan egon direnak ere mentore izan daitezkeela azaldu du Lucianik; izan ere, gertuko esperientziek lotura “oso sendoa” gara dezakete eta haien bizipenak benetan “baliogarria” izan daitezke. Programan parte hartzeko, informazio guztia eta harremanetarako bideak SOS Arrazakeriaren webgunean kontsultatu daitezke.
Aurreko urtean, herritarrak Izan Harrera programan parte hartzera animatzeko kanpaina abiatu zuten, eta jarraian, bideoa ikus dezakezue.