Joan den asteko eraso matxistak salatu dituzte
Joan den astean Donostian jazotako eraso matxistak salatu dituzte larunbatean Donostiako Udalak, Mugimendu Feministak eta Itaiak, bakoitzak bere aldetik egindako elkarretaratzean.
Larunbat eguerdian egin zuten udaleko alderdi guztietako ordezkariek elkarretaratzea Alderdi Ederren, hainbat herritar eta erakundeetako ordezakariekin batera. Udalak irmotasunez salatu zituen joan den astean ezagutu zen erasoa eta “indarkeria matxista” gisa definitu zuen.
Mota honetako erasoak “gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak” direla adierazi zuten eta udalak “guztiz gaitzesten” dituela adierazi zuten.
Mugimendu Feministak, bere aldetik, 13:00etan egin zuen elkarretaratzea bulebarrean, antolakunta feminista aldarrikatzen. Azkenik, Itaia emakume sozialisten erakundeak ere elkarretaratzea egin zuen 18:00etan bulebarrean.
Sei atxilotu
Joan den ostegunean, Donostian adin nagusiko emakume bati ustez sexu erasoa egiteagatik, lapurtzeagatik eta bere borondatearen kontra atxikitzeagatik sei lagun atxilotu zituen udaltzaingoakl. Emakumeak ostegunean bertan jarri zuen salaketa, eta seiak epailearen eskuetatik pasatu ostean aske utzi dituzte: bost, karguekin eta bat, kargurik gabe. Ikerketak irekita jarraitzen du.