Donostian kokatua dagoen Hyperion superordenagailua bisitatu dute agintariek
Herritarren ohiko zereginetatik urrun geratzen dira zientzalariek erabiltzen dituzten superordenagailuak. Donostia International Physics Centerren (DIPC) kokatua dagoen Superkonputazio Zentroan dago Espainiako Estatuko hirugarren superordenagailu indartsuena. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko 500 ikertzaileri ematen die zerbitzua. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearekin eta DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenikerekin batera, Hyperion superordenagailua bisitatu dute asteartean.
2017tik hona, Hezkuntza Sailak 5.925.000 euroko inbertsioa egin du superkonputaziorako ekipamendua eskuratu eta hobetzeko. 2,8 milioi Hyperion eraiki eta abian jartzeko izan dira.
Hyperion jada erabiltzen da, beste proiektu batzuen artean, “galaxien eraketa simulatzeko, material berrien portaera simulatzeko, teknologia kuantikoetan, adimen artifizialean, eta kimika konputazionalean garatzeko”. Argitu dutenez, horrelako superordenagailuak ikertzaileen lana errazteko erabiltzen dira, “arazo handi bat hainbat arazo txiki eta erabilgarritan banatzeko gai direlako”. Horietako bakoitzaren emaitzak konbinatu egiten dira gero, eta azken soluzioa denbora tarte laburragoan aurkitzen da.
500 zientzialariren esku
Superkonputazio Zentroko zuzendari Txomin Romerok azaldu duenez, Hyperionek 14.000 nukleo baino gehiago eta 150 TBko RAM memoria ditu, eta bere aurreko Atlas superordenagailuaren potentzia halako hiru du. Gaur egun, gure ekosistemako 500 zientzialari baino gehiagori ematen die zerbitzua.
Zehazki, honako hauek hartzen ditu erabiltzaileen euskal sareak: bederatzi Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketako Zentroak (BERC), Euskadiko unibertsitateak, Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (CIC nanoGUNE eta CIC biomaGUNE), Ikerketa Sanitarioko Zentroak (Biogipuzkoa) eta Zentro Teknologikoak (Tecnalia).
IBM ordenagailua, 2025erako
Hyperion superordenagailuaz gain, Donosian IBMren superordenagailu kuantiko bat eraikitzea aurreikusten da, 2025eko bigarren seihilekorako, Ikerbasqueren eraikineko lanak amaitu ondoren. Bildarraitzek, iaz azaldu zuenez, ordenagailu kuantikoa “herrialde proiektu estrategikoa” da, mundu osoko seigarrena izango delako.
EAEn konputazio kuantikoari buruzko zentro bat abiatzea helburu duen Basque Quantum aliantzak (Eusko Jaurlaritzak, hiru aldundiek eta IBMk osatzen dute) ari dira proiektua garatzen.