Eusko Jaurlaritzak hiri osoa tentsio handiko eremu izendatu dezake
Eusko Jaurlaritzak Donostia osoa tentsio handiko eremu izendatu dezake 2025ko urtarrilaren 1etik aurrera. Etxebizitza legearen arabera, urte honetan eginbeharreko eskariak egin ditzake Donostiako Udalak, hasierako baldintzak malgutu dituelako Eusko Jaurlaritzak. Goizean egindako prentsaurrekoan, alkateak “begi onez” ikusten du aldaketa. Izan ere, alkateak “egokiagotzat” jotzen du tentsio handiko eremuak udalerri osoari eragitea, auzo batzuk kanpoan utziz gero “ezberdintasunak” sortzen direlako eta horrek “arriskua” dakarrelako.
Beste hainbat alderdi eta plataformek eskaera berdinak egin dituzte azken urtean. EH Bilduk, esaterako, pasa den urteko abenduan, Eusko Jaurlaritzari kanpoan geratu behar ziren auzoak ere tentsio handiko eremu izendatzeko eskatu zion. Hauek dira hasiera batean kanpoan geratu behar ziren auzoak: Antigua, Añorga, Ibaeta, Igeldo eta Zubieta osorik, eta Erdialdeko, Aieteko, Miramongo, Amara Berriko eta Martuteneko hainbat gune.
Halaber, Kaleratzeak Stop, Inquilinos Azora eta Alokairu Benta Berri plataformek legebiltzarrari ere eskaera berbera egin zioten pasa den udaran, tentsiopeko eremuetan alokairu prezioak mugatzeko, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko eta alokairuko etxebizitza babestuetan egindako inbertsioa handitzeko.