Udalak Bretxa ustiatzeko eta kudeatzeko emakidaren iraungipena deklaratzeko prozesua abiatu du
PSE-EEk eta EAJk osatutako gobernu taldeak EH Bildurekin batera adostu du Bretxako eraikinaren kudeaketa publikoaren aldekoa izatea.
Donostiako Udalak, Tokiko Gobernu Batzarraren bitartez, Bretxako Merkatua ustiatzeko eta kudeatzeko emakida kontratua suntsiarazteko espedienteari hasiera emateko erabakia hartu du. Honekin, emakida ebazteko aukera du udalak eta Baika enpresaren kudeaketari amaiera emateko. Horretarako, gobernu taldeak legezko mekanismoak aktibatuko ditu ahalik eta azkarren.
Udalaren asmoa “emakida baliogabetzea” dela azaldu du alkateak; izan ere, “merkatuaren kontratua baliogabetzeko erabaki hau emakidadunaren ez-betetze goriak eragin du” eta honek, ondorioz, merkatuko obrak horrenbeste denboraz gelditzea eragin du. Halaber, Goiak nabarmendu du egun dauden kontratuak “ahal den neurrian errespetatu” egingo dituela.
Joan den ostiralean, otsailaren 16an, Baikari jakinarazi zitzaion Aldamar eta Iñigo kaleetako urbanizazio osagarriko obren hasiera, merkatu tradizionala lekuz aldatzeko obren hasiera eta obra horiek gauzatzeko lizitazio prozeduraren hasiera “nahitaez egikaritu behar dituela” eta hortaz, “modu subsidiarioan eta emakidadunaren kontura” izango direla.
Elkarlanean kudeaketa publikoaren alde
Alkateak, PSE-EEk eta EAJk osatutako gobernu taldeak hartutako erabakia EH Bildurekin partekatuta eta adostuta izan dela. Juan Karlos Izagirrek gaiari heldu dio jarraian, eta egoera honetara nola iritsi den argitu nahi izan du; izan ere, bozeramailearen esanetan, 2015ean EH Bilduk Arrandegi eraikinaren kudeaketa publikoa “berreskuratu” egin zuen eta “publiko egitearen aldeko apustua egin zuen”.
Gainera, EH Bilduko bozeramaileak, azaldu du 2011-2015 agintaldian “jarraitu beharreko bidea” markatu zutela Bretxarentzat irtenbiderik onena delako eta Parte Zaharrarentzat eta, hor har, Donostiarentzat, “lidergo publikoa defendatuz, aukera paregabea” dela ziurtatu du.
Atzera begira
1995eko apirilean, Udal Gobernuak Bretxaren kudeaketa pribatizatu egin zuen, eta 2048ra arteko emakida kontratua sinatu zuen —2049ra luzatu zena pandemian jarduerarik izan ez zelako—, eta Centro Comercial La bretxa SA sozietateari Arkoak eta Arrandegi merkatuak birmoldatzeko eta eraldatzeko emakida esleitzea erabaki zen. EH Bilduren ustez, “akats larria” izan zen hura, “San Martin azokarekin ezin zen moduan, merkatu tradizionalak merkataritza gune handi bihurtzea” ahalbidetu zuelako.
2008an, krisiaren ondorioz, emakidadunaren aldetik ordainketak egiteko arazoak sortu ziren, eta 2011-2015 legealdian, EH Bildu Udal Gobernuaren buru zela, “arazo hau aukera” bihurtu zuten emakidunarekin kontratuaren aldaketa adostu zuelako, Arrandegi eraikinaren kudeaketa publikoa berreskuratuz eta auzorako ekipamendu eta zerbitzuetara bideratuz. Horrela egin zuen auzoko bizilagunekin eta gizarte eragileen eskutik. Honen ondorioz, Parte Zaharrean anbulatorio berria ireki eta eskola orduetan kirol kantxa Orixeri uztea “posible da 2015ean EH Bilduren gobernuak eraikinaren kudeaketa publikoaren aldeko apustua egin zuelako.
Hurrengo legealdian, 2015-2019, 1995eko egoera antzeko errepikatu zen, Udal Gobernu berriak emakidadunaren esku utzi baitzuen eraikinaren zati handi baten kudeaketa, eta 2015eko maiatzean, emakida aldatzeko hitzarmena sinatu zen, Goiak azaldu duenez, “bertatik Arrandegi eraikineko gune jakin batzuk kentzeko eta erabilera publikora erabiltzeko”.
2016, Tokiko Gobernu Batzarrak baimena eman zion aurreko sozietateari kontratua gaur egun Baika enpresari eskualdatzeko.
2018an, merkatua ustiatzeko eta kudeatzeko emakida kontratua aldatu zen, eta Arrandegi eraikineko gune jakin batzuetara zabaldu zen, euskal gastronomia eta haren produktuak sustatzeko. Alkateaz azaldu duenez, Bretxa plazako erabilerak berrantolatzeko eta urbanizazio obra osagarriak egiteko ardura eman zitzaion emakidadunari.
2022ko apirilaren 19an, emakida kontratuaren beste aldaketa bat formalizatu zen: emakidadunak Arrandegi eraikinean egin beharreko obrak zabaldu ziren, eta obra horietan, Osasun Zentroa eta beste instalazio batzuk egiteko lanak sartu ziren, baita ere.
Ezbehar guzti hauen aurrean, Donostiako Udalak “derrigorrez” erabakia hartu behar izan du; izan ere, azken urteetan obren etengabeko geldiarazteak egon dira, justifikaziorik gabekoak.
Honengatik guztiagatik, EH Bilduk eta Gobernu Taldeak mahai gainean jarri nahi izan dute elkarlana eta adostasunetara iristeko borondatea nabarmendu dute goizean egindako prentsaurrekoan.