CEAReko langileak protestan, soldata arrakalaren aurka
CEAReko langileek lanuzteak eta mobilizazioak hasi dituzte Hego Euskal Herria osoan, entitateak soldata diskriminazioa egiten duela salatu dute. Amaran duten egoitzaren aurrean egin dute protesta hainbat langilek.
“Hilabeteotan plantillaren lan-baldintzak hobetzea negoziatzeari uko egin dioten bitartean, erakundeak jakinarazi zuen alde bakarreko erabakia hartu duela; batez ere erantzukizuneko lanpostuetara zuzendutako soldata-igoera bat egitea”, azaldu dute ESK eta ELA sindikatuek –Araban eta Bizkaian ESK ari da egiten protesta, eta Gipuzkoan ELA–. Hain zuzen, % 23ko soldata igoera onartu dute soilik “erakundeko erantzukizuneko postuak” betetzen dituzten pertsonentzat, “talentua eusteko” argudioarekin.
Kategoria altuenen “alde bakarreko soldata igoera horrek” are gehiago areagotzen du erakundearen barruko soldata arrakala, eta beheragoko kategoriak prekarietate ekonomikoko egoera handiagoan jartzen ditu. Hau guztia erakundeak sustatzen dituen berdintasun, ekitate eta justizia sozialaren printzipioen aurka doala uste dugu.
Sindikatuek honakoa gehitu dute: “CEARen artatzen ditugun pertsonak ahultasun egoera batetik datozen pertsonak dira, bizi historia gogorrekin, eta erakundeko langileok ditugun lan baldintzek larriagotu egiten dituzte”.