«Donostiarrak eta japoniarrak uste baino antzekoagoak gara»
Kasualitate hutsez bukatu zuen Kyoko Takechik Donostian (Osaka, Japonia, 1972). Senarrarekin eta semearekin bizi da Intxaurrondon, lan kontuengatik kasik bi hilabetean behin Japoniara bidaia egiten duen arren. Irribarrez hartu gaitu Parte Zaharrean, bere ibilbidea kontatzeko.
Maitasun istorio batek ekarri zuen Kyoko Takechi Donostiara bizitzera, «ia-ia pelikuletako istorio batek». 2006an izan zen lehen aldiz Donostian, bere lagun batekin. Hilabete batzuk lehenago, Japonian ezkontzekoa zen Takechi, baina dena utzi, eta Europara etorri zen motxiladun.
«Bartzelonan hiru hilabetetarako pisu bat alokatu nuen, eta hor ezagutu nuen neska japoniar batekin hasi nintzen bidaiatzen. Berak esan zidan Euskal Herrira etortzeko», oroitu du.
Honela, 2006ko udan Bilbon pare bat egun egin zituzten, eta Donostian egun bat. Kontxako hondartzan hiru mutil ezagutu zituzten. Horietako bat, arrantzalea zen, eta uda osoan izan zuen egun libre bakarra zuen egun hartan. Lagunak egin ziren, eta haien helbide elektronikoak partekatu zituzten. «Japoniara itzuli nintzen, eta hainbat hilabetez txatean jardun genuen, lagun moduan», kontatu du.
Ustekabeko sorpresa
Bi urtez aritu ziren sarearen bidez harremana mantentzen, eta, halako batean heldu zen sorpresa: «Abisatu gabe azaldu zen Osakara. Nik galdetu nion zertan ari zen, eta berak esan zidan ni konkistatzera etorri zela».
Takechik ez zuen inondik inora espero, eta berak ere sorpresa eman zion mutil hari, esanez berak ez zuela gustuko. «Niri gustatzen zaidana da mutila baino maiteminduago egotea, eta nik bera oso maiteminduta ikusten nuenez, ezetz esatea erabaki nuen. Hiru hilabeterako etorri zen, baina bi asteren ondoren itzuli zen gizajoa», oroitu du.
Orduan, bere amarekin hitz egin zuen eta amak konbentzitu egin zuen mutilak aukera bat merezi zuela esanez. «Idatzi egin nion, eta esan nion Euskal Herrira etorriko nintzela bera ezagutzera. Eta, tira, azkenean ondo atera zen, eta elkarrekin gaude, 13 urteko mutiko batekin!», dio barrezka.
Donostia herri txikia
Donostia herri «txiki-txiki» bat da Takechirentzat. Izan ere, Osakakoa da bera, Japoniako bigarren hiri nagusia, bi milioi biztanletik gora dituena. «Hasieran hemen ezer ez zegoela iruditzen zitzaidan; dendak igandetan ixten zituztela eta, harrituta geratzen nintzen».
Lehen inpresioan, ordea, antzekotasunak topatu zituela dio: «Donostiarrak japoniarren oso antzekoak dira, oso isilak eta errespetuzkoak elkarrekiko. Ez dira itxiak, baina lehen inpresioan, ez dute horrenbeste adierazten».
Hori positiboa dela uste du, beste herrialde batzuetan errespetua errazago galtzen dela iruditzen baitzaio. Oroitzen duenez, Bartzelonan asko ziren errespetu faltak kaletik zihoanean: «Txinatar puta esaten zidaten, inolako arrazoirik gabe». Zorionez, Donostian ez du horrelako jarrera arrazistarik jasan behar izan. «Barrutik zer pentsatzen duten ez dakit, baina kanpotik, behintzat, errespetua didatela sentitzen dut».
Janari japoniarra faltan
Galdetu beharrik ere ez dago, zuzenean aitortu du eta: «Gehien faltan botatzen dudana janaria da, noski». Ordutegiekin ere ez da moldatzen, «oso berandu jaten duzue hemen!», dio, barrez. «Eta beste gauza bat: gehiegi. Japonian badugu esaera bat, jan behar duzu %70-80 bete arte. Guztiz betetzen bazara, jada beranduegi da».
Donostian japoniar jatetxe asko daude, baina Takechik bi soilik ditu gogoko: Kenji Sushi Bar, Parte Zaharrean, eta Akari, Erdialdean. «Bada besterik, baina jabeak japoniarrak direnak horiek soilik ezagutzen ditut nik», azaldu du.
Etxean «erdi japoniar, erdi euskaldun» kozinatzen du, eta Japoniatik ekartzen ditu elikagai asko: «Fideoak, misoa… hemen badaude, baina ez dira berdinak».
Janari japoniarraren sekretua zein den galdetuta, alde handi bat dagoela azaldu du: «Guk janari guztia batera zerbitzatzen dugu. Arroz zuria, zopa, berdurak eta abar. Hemen, plater bakoitza banaka jaten da, baina guk ez, guk sankaku deitzen diogun moduan jaten dugu. Hau da: triangeluan». Bol bakoitzetik pixka bat hartzen da, eta denak txandakatzen doaz. Azaldu du bere senarrak denak jaten dituela batera, «ez dago modurik!».
Errituak erdigunean
Janaria kozinatzea bezain garrantzitsua da jatearen erritua. Adibidez, ezin da zotzekin janaria partekatu mahaikideen artean. Azaldu duenez, hileta errituekin du zerikusia. Japonian pertsona guztiak errausten dira. Errausketaren ostean, sobran geratu diren hezurtxoak bildu, eta zotzekin banatzen dira, senideen artean egiten den zeremonia batean. Oinetatik hasita, kaskezurreraino, gertuko senideek gorpuaren soberakinak errautsekin batera gordetzen dituzte errauts urnan.
Takechik azaldu duenez, zotzekin janaria partekatzeak erritu hori ekartzen du gogora, eta oso gustu txarrekoa dela.
Itzultzailea eta interpretea Donostian
Hainbat lan tartekatzen ditu Takechik Donostian, gehienak itzultzaile eta interprete gisan, eta baita gida turistiko moduan ere. Japoniera akademia batean aritu nintzen klaseak ematen, baina ez dago eskari handirik.
«Donostiako Zinemaldian egin izan dut lan, Japoniako zuzendariak etortzen direnean, itzultzaile lanak egiteko», azaldu du. Beste lan garrantzitsu bat Basque Culinary Centerreko ikasleekin egiten du: «Bi hilabetean behin edo, Japoniara bidaia egiten dute, bertako gastronomian trebatzeko, eta hara joaten naiz neu ere. Asko gustatzen zait bidaia mota hori, egia esan».
Horretan lan egiten saiatu den arren — oraindik ez duela lortu aitortu du—, bere pasioa kaligrafia japoniarra da. Duela hogei urte hasi zen ikasten, Osakako irakasle batekin: «Hainbat txapelketa irabazi nituen, eta orduan, serioago ikasten hasi nintzen».
Honela, kaligrafia titulua eskuratu zuen, eta, egun tailerrak emateko gai da. «Hemen, ordea, oso jende gutxiri interesatzen zaio benetan ikastea, normala den bezala», azaldu du. «Tailerrak antolatzen ditut norbere izena japonieraz idazten ikasteko. Eta, noski, horrek ez du oso ibilbide luzea. Egun batean ikasi dezakezu eta!», dio barrez.
Ezberdintasun kulturalak
«Japonian nahiko arraroa naiz ni», onartu Takechik. «Tatuajeak gaizki ikusita daude, eta baita 30 urtetik gorakoak ezkondu gabe egotea ere. Oso deseroso sentiarazten ninduten gauza horiek». Hemen, ordea, jendeak ez diola horri erreparatzen uste du, eta «lasaiago» bizi da.
Kulturen arteko desberdintasunetan arreta jarrita, bada bat, bereziki nabarmentzen duena: «Guri txikitatik erakutsi digute besteengan pentsatu behar dela norberarengan baino lehenago; ez duzu jendea molestatu behar, eta besteek egiten dutena egin behar duzu. Nire senarrak esan zidan, ordea, hemen hori egiten banu jan egingo nindutela: nigan pentsatu behar dudala lehenik, eta besteengan ondoren», azaldu du.
Naziotasunarekin lotuta, gaia korapilatsua dela onartu du. Izan ere, Japonian nazionalitatea lortzea oso zaila dela dio: «Badakizu zenbat emigrante dauden Japonian?», galdetu du. «Hamaika besterik ez. Izen abizenekin zenbatu daitezke. Lanean bertan diren migranteak bai daudela, noski: txinatarrak, korearrak, vietnamdarrak… milioika dira emigranteak. Baina japoniar nazionalitatea lortu dutenak oso-oso gutxi dira».
Semeak 13 urte egin behar ditu orain, eta bi nazionalitateak ditu: japoniarra eta espainiarra. Ordea, hemezortzi urte betetzerakoan, bietako bat aukeratu behar du; Japonian ezin baita nazionalitate bikoitza izan. «Nik ez dut utzi japoniarra, beraz, ezin dut bozkatu hemen, baina nahiago dut hori, ez diodalako japoniarra izateari utzi nahi».
«Senarrak txantxetan esaten dit orain euskalduna naizela. Eta hori horrela da, baina nik argi dut: ni erdi euskalduna naiz, baina japoniarra izateari ez diot sekula utziko».
Japoniako gertaera ezagunenetako bat gereziondoen loraldia da. Donostian oraintxe ari dira loratzen zuhaitzok, astebete eskas irauten duen loraldian, udaberri aurretik. Kyoko Takechik kontatzen duenez, japoniarrak lagunekin, senideekin edo lankideekin biltzen dira parkeetan piknik bat egiteko, gereziondoak loretan (sakura) ikusten dituzten bitartean (Hanami).
Ez dakigu ziur tradizio horren jatorria. Batzuek uste dute Nara aroan (710-794) aranondoak loretan behatzeko ohitura hasi zela, eta Heian garaian (794-1185) aristokrazia zuhaitz loratuen azpian oturuntzak egiten hasi zela. Hala ere, beste batzuen ustez, berez, nekazariek uzta ospatzeko egiten zuten zeremonia erlijioso eta herrikoi gisa sortu zen.
Hasiera berri bat
Sakuraren loraldi handiena udaberrian izaten da, martxoaren amaieratik maiatzaren hasierara arte. Japoniako klima dela eta, lehenik hegoaldean loratzen dira, urtarrilean Okinawako hikan Sakuratik hasi eta maiatzean Hokkaidoko Sakura ezoyamarekin amaitzen delarik. Loreak gutxi gorabehera bi astez ikus daitezke, baina eguraldiaren arabera aldatu egiten da, haizeak edo euriak azkarrago bota baititzakete loreak.
Antzina, gereziondoa samuraiekin erlazionatzen zen, lore honen bizitza gerlari batena bezain iragankorra baitzen. Horregatik bizi behar zuten zintzotasunez eta lorearen barne edertasun berarekin.
Japoniar kulturan edertasunarekin eta bizitzaren iragankortasunarekin lotzen da gereziondo-lorea, loreak oso bizitza laburra baitu. Bizitzaren berpizkundearekin ere lotzen da, japoniarrentzat gereziondoaren loreak hasiera berri bat sinbolizatzen baitu. Izan ere, udaberrian hasten da eskola urte berria, bai eta urte fiskala ere.