Gora botere judiziala?

Gauza asko ikusitakoa naiz, baina «Gora botere judiziala» pintaketa bat Parte Zaharrean? «Hori bai ez nuela inondik inora espero», esango du batek baino gehiagok, «eskuina pintaketak egiten?».
Bada, itxura denez, uste baino ohikoagoak dira egun sistemaren aldeko aldarriak kontrakoak baino. Sarean zer esanik ez. Egizu proba zuk zeuk. Jarri arrazakeriaren inguruko txio bat Twitterren, edo Poliziaren praktikak zalantzan jartzen dituena, edo sexu erasoak salatzen dituena, eta ikusiko duzu nola eroriko zaizkizun bizkarrera troll andana, gorrotoz leporaino, kanpotar (pobreei) botatzen guztiaren errua. Dena woke diktadurari aurre egiteko lelopean. Eta, hara, ze bitxia, eskuin muturreko jarrera bera hartzen dutela ezkerreko zeinbatek…
Gizartearen polarizazioa deitzen diotena gora doan heinean, nik poesia aldarrikatuko nuke. Zehazki, Roque Dalton poeta salvadortarra: «Ez ahaztu inoiz / faxisten artean faxistarik txikiena ere / faxista dela».