ERAKUSKETA
Igandea da Isabel Azkarate fotokazetariaren erakusketa ikusteko azken eguna
Isabel Azkarate Morera (Erdialdea, 1950) fotokazetariaren atzera begirako erakusketa ikusteko azken eguna igande hau da, hilaren 25a. Erakusketa, ia hirurehun negatiboren kopiak biltzen ditu, eta Tabakalerako Andre zigarrogileak plazan dagoen aretoan dago ikusgai.
Argazki ondare ikusgarri hau 300 argazki inguruz osatuta dago, 1978 eta 2006 bitartean ateratakoak. Argazkilaritzaren ikuspegi aldarrikatzailea ikustarazten du erakusketak, baina baita, argazkilaritzaren balio informatiboa ere. Izan ere, mundu osotik bidaian ibili zen fotokazetaria, kamara eskuan, herri bakoitzeko gatazken egoera ilunenak argazkietan gordetzen.
Peruko Sendero Luminosoren gatazka bi astez oso gertutik bizi izan zuen, eta hildakoen gorpuak erretratatu zituen, familiarrek eskatuta “gizarteak haien berri jakin zezan”. New Yorkeko queer mugimenduan ere barrena ibili zen, Estatu Batuetan lehendabiziz egin ziren LGBTI manifestazioetan argazkiak ateratzen. Euskal Herriko bizipenak —kartzelan eta psikiatrikoan zeudenen bizipenak argazki bitartez plazaratzen, besteak beste—, kontatzen dituzten argazkiak dira ikusgai daudenak. Halaber, Azkarate La Voz de Euskadi egunkarian lanean ibili zen hainbat urtez, egunkariak itxi zuen arte, eta erakusketan, bertan egin behar izan zituen lanak ere aurkezten dira —80ko hamarkadan izan ziren gatazkak—.
Hala, Silvia Omedes (Photographic Social Vision Fundazioa) du erakusketak komisario, eta Azkaratek egin duen ibilbide luze eta profesionala du oinarri.
Erakusketa atzera begirakoa da, memoria historikoa. IRUTXULOKO HITZAk abenduan elkarrizketatu zuen Azkarate eta hemen ikus dezakezue elkarrizketa osorik.