Ilun baina hegalari, Lide Hernandoren Belek hasi du bere bidea
Urte eta erdiko lanaren ostean, Lide Hernandok aurkeztu du bere proiektu berriaren lehen albuma: Herrari. Hegazti herrariak nola, batetik bestera ibili da: souletik eta rythm and bluesetik, popetik eta rocketik, elektronikatik eta funkytik. Denetarik edan du Hernandok, baina guztiaren gainetik “eztarria” jarri du erdigunean.
Bele du izena proiektuak, eta Hernandori betidanik interesatu izan zaion musika beltzaren itsasoan murgiltzeko balio izan dio.
Glutamato disko beroa
Zer topatuko dugun hemen? Glutamatoz betetako disko bero-bero bat. Epel nahi gaituzten garaiotan, dopamina dosi etengabeak belarrietan. Albo batean sinte bat, bestean koro bat, berriz bueltan arpegio berri bat, tronpeta sampleak, elkarrizketak, funk gitarrak, bateria ultraprozesatuak… Den-dena sartu dute Hernandok eta Iñigo Etxarri ekoizleak.
Alderdi harmonikoetan Motown Recordsen horrenbeste garatu ziren zubi eta trantsizioekin ondu dituzte kantak, aldi berean, ekoizpen garaikide eta komertzialago bat eskaini nahian.
Dena balio duzu, laguna
Hernandok bere buruari bidali zion audio mezu bat entzun daiteke diskoan, albumaren leit motiv gisara: “Ez utzi inork baldintzatzea zure erabakia, ez entzun inoren iritzia, lo vales todo amiga, agur!”. Jarraian, “ez diozu inori ezer frogatu behar” kantatuz, bere buruari (ia) edozer egiteko gai dela argi erakutsiz.
Rakel Arenaza donostiarraren kolaborazioarekin osatu du uff kanta Hernandok. Beyonceren tankerako erritmo basa eta beroa darama “nola busti dezake hainbeste zerbaitek erretzen duen zerbaitek?”. Arenazak bere rap fazeta atera du berriz ere airera, oraingo honetan gazteleraz.
Besarka nazazu kantarekin ixten da lana, eta hau da konposatu zuen lehenengoa. Bertan azaltzen du Hernandok bere ibilbide berriaren esentzia zein izango den: “Ilun naiz baina hegalari”.
Bele zuzenean
Zuzenekoetan aurkeztuko dute Bele proiektua datozen asteotan. Hernando arituko da abeslari gisan, eta berearekin izango ditu Iñigo Etxarri baterian, Sara Alonso tekletan eta Danae Riaño baxuan.
Martxoak 17, Oñatiko Gaztelekuan.
Apirilak 12, Donostiako Dabadaban.
Maiatzak 2, Bilboko Kafe Antzokian.
Maiatzak 26, Getxon.