'Larruak eta izurrak' eskultura garaikideko erakusketa Tabakaleran ikusgai dago
Ukimena eta konexio emozionala berreskuratu nahian, gizakiaren gorputza, animalien gorputza eta gorputz mekanikoa ikertzen ditu erakusketak.
Larrua eta izurrak eskultura garaikideko erakusketa aurkeztu dute prentsaurreko batean, gaur, Tabakaleran. Prentsaurrekoarekin batera, hainbat espazio eta obretako azalpenak eskaini dituzte artistek.
Erakusketa aldarrikatzaile honek eskulturari eskainitako urtea inauguratuko du, Chillidaren omenezko erakusketarekin eta Gabriel Chaile artistari eskainitakoarekin batera. Izan ere, Tabakalerak indarrez hartu dio aurten eskulturari, eta gaurko aurkezpen honetan emakumez jositako proiektu artistikoa aurkeztu dute, eskultura garaikidea duena oinarri.
Larruak eta izurrak erakusketako komisarioa Laura Valles Vilchez da eta June Crespo, Sahatsa Jauregi, Nora Aurrekoetxea eta Kimia Kamvariren lanak Yael Davids, Ima Issa eta Lucia Koch nazioarteko artisten lanekin hartu-emanean izango dira datozen lau hilabeteetan. Erakusketak performancea eta arte eszenikoak bezalako esparruetako artisten eta kolektiboen arteko topaketak proposatzen ditu.
Hiru erakusketako seriea abiatuko du ekimenak eta gizakiaren gorputza, animalien gorputza eta gorputz mekanikoa ikertzen dituzte ukimena eta konexio emozionala berreskuratu nahian. “Zaintzak eta elkarren artean ikasteko aukera eta forma berriak” daudela azaldu du Vallesek.
Eskultura, instalazioak eta hainbat gailu aurkezten ditu erakusketak, eta guztiak, “materiaren eta espazioaren inguruko eta gorputzarekiko eta mugimenduarekiko erlazioaren inguruko planteamendu bereziagatik” nabarmentzen dira.
Materialak metalak, hormigoiak, erretxinak, artileak eta odol hautsak, besteak beste, dira. Sahatsa Jauregiren altzairuzko piezarekin hasi eta June Cresporen hormigoizko instalazioekin amaitzeraino, eskultura garaikidearen “ikuspegi berezi bat” eskaintzen dute obra guztiek.
Jarduera programa
Esperientzia artistikoan “aktiboki” parte hartzera gonbidatzen ditu erakusketak; izan ere, ikusleak zuzeneko esku hartzea du aukera. Vallesek nabarmendu duen moduan, “galeria hau ez da soilik begiradan oinarritzen, gorputzentzat bizigarria den espazioa da”.
Erakusketa Olatz Otalora artistaren lanarekin osatuko da. Komisarioak gonbidatuta, prozesuaren dokumentazioa egingo du, eta erakusketako proiektuak Tabakalerak artistei laguntzeko eskaintzen dituen beste ekimen batzuekin lotuko ditu.
“Zuzeneko aktibazioez gain”, programa publikoak bisitarien esperientzia aberasteko diseinatutako hainbat jarduera eskainiko ditu: arte tailerrak familientzat, bisita solasaldiak, arte garaikideko ikastaroa, hezkuntza komunitateari zuzendutako ikastaroa eta zinema emanaldiak.
Erakusketa asteartetik igandera ikusgai dago bihartik aurrera, ekainaren 2ra arte, asteartetik igandera, 1. solairuko erakusketa aretoan.