Martutenen, Txomiñenean eta Loiolan uholdeei agur esateko azken urratsa
Eneko Goiak eta Arantxa Tapiak Urumea biziberritzeko azken lanak egiteko akordioa aurkeztu zuten joan den astean. Ibaia zabaldu, kota igo eta zubiak eraikiko dituzte, uholdeak iragana izan daitezen.
Martuteneko bizilagunek ez dute sekula ahaztuko 2011ko azaroa. Uholde ikaragarriak izan ziren Martutenen eta Txomiñenean, etxe eta komertzioetan izugarrizko kalteak eraginez. Bizilagunek euren etxeak txalupan utzi behar izan zituzten; horietako batzuk 22 hilabetez ezin izan zuten itzuli etxera. Tragedia izugarria ez zen, ordea, naturaren erantzukizuna: auzoaren diseinu txarrarena baizik. Horretan bat zetozen bizilagunak, eta agintariak. Hamahiru urte igaroko dira aurten, eta, erakunde guztien inplikazioaren ondorioz, euria egiten duen bakoitzean ibaiari beldurra edukitzearen aroa bukatzear dago.
2015ean lehen urratsak
Juan Karlos Izagirre zen 2011n alkatea, eta arazoari irtenbidea emateko lanetan hasi zen, Gipuzkoako Aldundiarekin, eta Eusko Jaurlaritzaren Ura agentziarekin. 2015ean hasi zen Urumeako ibarra berritzeko proiektu erraldoia. 35 milioi euroko inbertsioa izan du bi fasetan.
Obrarik handiena eta harrigarriena ibaia zabaltzea izan da. 1.350 metroan zehar 45 metroko zabalera bermatu da, lurraren igoera egitearekin batera.
Zabalera berriaren ondorioz, bi zubi berri eraiki behar izan dira Martutenen. Zubi zaharrek suposatzen zuten «oztopo hidrauliko» izateari utzi, eta altuera igotzearekin batera, uraren emaria erraztu dute zubiok.
Ikusgarrienak diren bi lan horiez gain, badira donostiar gehienok ikusten ez ditugun hainbat obra. Esanguratsuena: bi ekaitz-tangen eraikuntza.
Hainbat dira hiri osoan dauden ekaitz-tangak, Morlansen eta Marrutxipin, esaterako. Lur azpian dauden tanke erraldoiak dira, 10.000 metro kubiko ur jaso ditzaketenak, eta soilik euri larrialdiak daudenean irekitzen direnak.
Euri jasa handiak daudenean, hiri azpitik doazen estoldetan jasotzen den urak bideratzen dira tanga hauetara. Emaria automatikoki kontrolatzen da, eta alarmak jotzean uhateak ireki, eta ura estoldetan pilatu ordez, bertan gordetzen da, uholde arriskuak asko murriztuz.
Azken txanpa hasi da
Uholde arriskua are gehiago murrizteko konpromisoaren erakusle da joan den astean agintariek egindako agerraldia. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eman zituen xehetasunak: «Ibaiei bizkar ematen zion hiria izatetik, ibaiari begira bizi den hiria» izatera igaroko da Donostia.
Ibaia «arazo iturburu» izateari uzteko egin beharreko «azken» moldaketa hidraulikoak aurkeztu zituzten, «garapen urbanistikoa eta hidraulikoa eskutik» doazela nabarmenduz. 300.000 euroko aurrekontua onartu dute proiektua idazteko, «hemen ondoan ditugun maizterrak joaten direnean» —militarrei erreferentzia eginez—, abiatzeko moduan edukitzeko, Eneko Goia alkateak azaldu zuenez.
«Azken oztopo hidraulikoa»
Uholdeak ekiditeko planaren barruan, Urumea ibaia zabaltzeko lanak egingo dituzte Loiolaren altueran, eta «azken oztopo hidraulikoa» den kuarteleko zubia eraitsiko dute. Militarrak joaten direnean sortuko den auzune berri horretarako, bi zubi berri eraikiko dituzte, bata Espartxoko zubiaren ondoan, eta bestea Euskotreneko geltokirantz joango dena.
Proiektuan zehaztu beharreko jarduketak zabalera handiagoa emango dio ibaiari tarte horretan; horretarako, ibai parke bat egingo da, berma bat eraikiz: hau da, ibaiertzean egungo kotaren azpitik dagoen espazio bat, «ibaiaren eta etorkizuneko hiri sarearen arteko trantsizioa errazteko». Jarduketa horrekin batera, «ibaiaren ingurumen egokitzapena eta naturalizazioa egin beharko da bi ertzetan».
Era berean, egungo kuarteletara sarrera zubiaren (Urdintzu) ordez, ibaiaren ibilguaren zabalera berrira egokitutako beste zubi berri bat eraikiko da: ur askoko ibai itsasoko gertakarietan, emariak oztoporik aurki ez dezan, eta baldintza berak betetzen dituen bigarren zubi bat ere eraikiko da.
«Etorkizuneko hiria»
Jarduketa guztien helburua da ingurune osoko uholde arriskuaren hedadura eta intentsitatea murriztea, eta, horrez gain, Urumeako ibai estuarioko tartean ingurumena hobetzea eta hirigune berri bat sortzeko baldintzak sortzea; «ikuspuntu soziala eta ingurumen alorrekoa aintzat hartuz».
Goiak adierazi zuenez, «Loiolako eremu osoa eraldatzeko lehen urrats eraginkorra da, gaur egun kuartelek okupatzen baitute, eta, beraz, ziurta dezakegu hau dela etorkizuneko auzoaren lehen harria».
Kuartelen erosketarekin, «etorkizuneko hiria» diseinatzen ari dira honezkero agintariak. Datozen urteotan Donostian eraikiko diren 6.328 etxe berrietatik, 4.206 izango dira Loiola eta Martutene artean; hau da, %66. Auzo berri bat ez ezik, hiriaren erdigune berri bat eraikiko da Urumearen ibarrean. Hori bai, «maizterrak» joan arte itxaron beharko da.