Txokolatea eta Donostia, hiru mendeko historia gozoa
Louit anaien fabrikak, Grosen, eta Suchard fabrikak, Bentaberrin, hamarkada luzez bete zituzten kakao usainez hiriko kaleak. XX. mendearen hasieran iritsi ziren Donostiara enpresa horiek.
Suchard fabrika eta Bentaberri ingurua. Jose Paskual Gorriti Hiru mende dira txokolatea hiri honetako txoko eta bizilagun guztien oroitzapenen parte dela. Oraindik ere, Karkizano kaleko eta Xalbador Bertsolariaren kaleko bizilagunek gogoan dituzte hirian aztarna utzi zuten txokolate fabrikak, eta XX. mendean bertan lanean ibiliak zirenen izen eta abizenak, baita ere. Edozein familiari galdetuz gero, edonork izango ditu Donostiako txokolate fabrikak gogoan.
Txokolatearen istorioa, ur gaziaz beteriko hiri honetan, XVIII. mendean idazten hasi zen. Gipuzkoako merkataritzak hazkunde nabarmena izan zuenean, Caracasekin (Venezuela) harremanak sortu eta sendotu egin ziren. Laburpen moduan: Gipuzkoako enpresari talde batek, Frantzisko Xabier Munibe Idiakezen —tituluz Peñafloridako kondea— proposamenez, Felipe V.a erregeari nabigazio enpresa bat eratzeko eskatu zion, Venezuelarekin merkataritzan aritzeko, XVIII. mendearen lehen erdian. Azkenean, 1730. urtean, Venezuelara abiatu ziren.
Nazioarteko harreman horiek izan ziren kakaoa Donostiara ekartzeko arrazoia eta aitzakia. Konpainia sortu zenetik 1751ra arte, Donostiak kakao biltegiak izan zituen Parte Zaharreko Santa Maria basilikaren atzealdean, eta elikagai horren merkataritzak bultzada handia hartu zuenez, janari dendak laster hornitu ziren kakaoz.
Hori dela eta, kakaoaren prezioa gainerako lurraldeetan baino askoz merkegoa zen, eta elikagaia hiri osora zabalduta zegoen, bizilagunek poltsikoen pisuari jaramonik egin behar izan gabe. Izan ere, kakaoa horren merkea zen, etxe guztietan, egunero, erabilia zela. Aita Jose Inazio Lasaren Tejiendo Historia liburuan, 1826ko esaldi hau jasota dago, Eugenio Francisco Arrutik idatzia: «Harresien barruko jendeak, oro har, txokolatearekin gosaltzen du».
Halaber, elikagaitzat hartzen zen txokolatea XIX. mendera arte, eta ez gozokitzat. Txokolate likidoa hartzen zuten, ur berotan disolbatua, eta XX. mendean hasi ziren txokolate tabletak egiten.
Hamarkada luzez zabalik egon ziren hainbat txokolate enpresa izan ditu Donostiak bere historiarik berrienean; izan ere, bi enpresa handik beren fabrikak hirian zabaltzea erabaki zuten, XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran: Louit anaiak eta Suchard.
Louit anaiak auzoa girotzen
Louit anaien txokolate eta mostaza fabrika 1893an zabaldu zuten eta 1970ean itxi behar izan zuten, Carbonell enpresari salduz. Eraikina Mirakruz kalearen eta Galtzada Nagusiaren arteko elkargunean zegoen. Groseko eremu hau, orduan, orain ezagutzen dugunaren oso desberdina zen. Han garbitoki bat eta Txofre ibaiaren iturria zeuden. 1899an, garbitokia eraitsi zen Kale Nagusiko sarrera irekitzeko, eta, horren ordez, Groseko garbitokia jarri zen, gaur egun Nafarroa Beherea plaza dena, hain zuzen. 1927an, fabrikak 90 langile zituen.
Lehen txokolatea, orain ikasleak
Atzetik, Suchard dator, 1909. urtean Bentaberrira heldu zena, gaur egun Antigua-Luberri institutua dagoen tokira. Fabrika 1909an hasi ziren eraikitzen eta ia 80 urtez egon zen irekita, 1988. urtean Suchard enpresak beste lurralde batzuetan zituen gainerako zentroekin batera hainbat arazo ekonomikoengatik itxi behar izan zuen arte.
1943ko urrian, Juan de la Cruzek Hoja del lunes egunkarian argitaratutako kronika batean, miresmen eta liluraz, fabrika deskribatu zuen, eta fabrikan 200 langile inguru zeudela azaldu zuen. Halaber, langileen lan baldintza onak, txukuntasuna eta garbitasuna goraipatu zituen, baita langileek haien artean zuten giro alaia ere.
Urteetan lanpostu asko ekarri zituen txokolateak kostaldeko gure hiri honetara eta ekonomiaren parte handi bat izan zen.




