Añorgako Errekatxulo erreka berritu dute

Errekatxulo errekak Belartza kaleko bidegurutzetik Amasorrain kaleko bidegurutzeraino egiten duen ubide zatia berritu du URA agentziak —Uraren Euskal Agentziak—, Donostiako Udalarekin elkarlanean, Donostiako Belartza eremuan.
Udalak jakinarazi duenez, horretarako, “ibilgu naturalizatu berria sortu dute, eta bere garaian atal hori bideratzeko erabili zen hormigoi armatuzko egitura ordezkatu dute”.
Zehazki, errekaren ibilgua “hobetu” da bere ibaiertzarekin, eta irtenbide naturalak aplikatuz prestatu da. 150 metroko luzera duen tarte horretan, 1,30 metroko oinarria eta bi metroko altuerako alboko hormak zituen hormigoi armatuzko U formako ubide mailakatu bat zegoen. Hortaz, ubide berria egokitu ondoren, “hormigoizko egitura zaharra partzialki eraitsi dute eta bioingeniaritzako tekniken bidez egonkortu da, eta datozen asteotan ibaiertzak haltzadi kantauriarreko berezko espeziak landatuko dira; besteak beste, haltza, lizarra, hurritza, elorria, astigar arrunta, sahats beltza eta marmaratila”.
Lanak LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barruan gauzatu dira. Guztira, bi faseetan, 265 metro leheneratu dira, 115 metro industriagunearen eremuan eta 150 azken zati honetan. Bi kasuetan, hormigoizko egituraren ordez, “material naturalak” jarri dira errekaren “potentzial ekologikoa berrezartzeko” eta ingurunearen, landarediaren eta faunaren dinamikak berak “oraingoa baino kalitate handiagoko ibai ekosistema” sortzeko.