Dbizik deskontu berri bat eskainiko die familia ugariei

Dbizi bizikleta sistema publikoak familia ugariei deskontu berri bat eskaini die, eta apirilaren 1etik aurrera erabili ahal izango dute. Abonamenduaren kontratazioan dituzten deskontuez gain —orain arte zegoena— tarifari aplikatuko zaion deskontua %20koa izango da familia ugarien kategoria orokorrerako, eta %50ekoa berezirako.
Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak nabarmendu duenez, “neurri honek hirian bizikleta publikoaren erabilera sustatzen jarraitu nahi du, baita karga ekonomiko gehien izan dezaketen familien artean ere, hala nola familia ugarien artean”. Yarzak esan du, gainera, “zerbitzua gero eta sendoagoa dela”, eta 2023an berriro hautsi dela abonatuen eta erabileren errekorra, urte horretan sistema handitu baita, bai geltoki kopuruari dagokionez, bai bizikleta kopuruari dagokionez.
Beste hainbat aldaketa izan ditu Dbizik geltokiei eta beste deskontuei dagokionez; izan ere, guztira, beste 21 geltoki gehiago inauguratu dira Altza, Bidebieta eta Añorga auzoetan. Gainera, hiriaren goialdeetan dauden auzoetako bizilagunen artean bizikletaren erabilera sustatzeko, Dbizik %40ko deskontua eskainiko die aurrerantzean ere bidaia tarifetan bizikleta elektrikoa erabiltzen dutenei, baldin eta bidaiaren jatorriko edo helmugako geltokia Aiete, Egia, Altza, Bidebieta, Trintxerpe, Intxaurrondo, Martutene edo Añorga bezalako guneetan denean.