Eibarren hasi dute errepideko denboraldia Donostialdea Bizikletaneko junior mailako txirrindulariek
Donostialdea Bizikletaneko txirrindulari bat, Eibarko Udaberri Sarian. Donostialdea Bizikletan txirrindularitza taldeko junior mailako txirrindulariek igandean hasi zuten errepideko denboraldia, Eibarko Udaberri Sarian, eta Unai Iturrate donostiarra izan zen taldekideen artean helmugara iristen lehena, 17. postuan, Eñaut Urkaregi (GT Tolosa-Danena) irabazlearengandik minutu bat eta lau segundora.
Gainontzeko taldekideei dagokienez, Aimar Capdequi astigartarra 33. sailkatu zen (2:34ra), Beñat Ilzarbe donostiarra 36.a izan zen (2:34ra), Unax Otegi hernaniarra 41.a izan zen (2:34ra), Hugo Rayo donostiarra, 82. gelditu zen (6:04ra) eta Unai Hernandez astigartarra 103.a izan zen (8:42ra). Horrela, taldekako sailkapenean hamahirugarrena izan zen Donostiako taldea, Team Iparralde talde irabazlearengandik 4:48 minutura.
Kadete mailako txirrindulariek larunbat honetan (hilak 2) hasiko dute errepideko denboraldia, Beasainen, eta Mutrikun lehiatuko dira egun berean junior mailakoak. Bestalde, Donostialdea Bizikletanek gogorarazi du errepide denboraldi hasi aurretik, pistan zein ziklo-krosean lehiatu direla neguan Donostialdea Bizikletan eta Goenaga Yogurrak taldeetako txirrindulariak: “Aipagarria da Elena Cuenca irundarrak (Goenaga Yogurrak) eta Jaime Abalos donostiarrak (Donostialdea Bizikletan) hirugarren postua eskuratu dutela Gipuzkoako Pista 2023/2024 Sarian”.

