EKINN eraikina inauguratu du udalak, «ekintzailetza eta talentua sustatzeko gune estrategikoa»
12,5 milioi euroko kostua izan du eraikinak, eta coworking gunea, formazioetarako gelak eta etxebizitzak izango ditu.

EKINN gunea inauguratu du gaur Donostiako Udalak, ekintzaile eta berrikuntzara bideratutako eraikina. “Etapa berri bat” hasiko dela adierazi du Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendariak, “ekintzailetza eta berrikuntza” sustatzeko. Eneko Goia alkatea eta Marisol Garmendia Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziaz gain, enpresari eta hezkuntza zentroetako ordezkari ugari izan dira inaugurazioan.
EKINN, berrikuntzarako eta ekintzailetzarako “nodo berria”, San Bartolome gainean dagoen 4.500 m2-ko eraikinean dago. Coworking guneak, bilera gelak eta auditorium txiki bat ditu beheko solairuan. Goikoan, ekintzaileei aldi batez ostatu emateko 70 apartamentuekin batera, bileretarako eta ekitaldietarako gune bat ere badu.
Zehaztu dutenez, apartamentu hauetako hamabi, donostiar ekintzaileentzat izango dira, eta udalak gastuen %60 ordainduko dizkie, bi urtez gehienez; “ekintzailetzako lehen urteetan laguntzea garrantzitsua” dela adierazi du Garmendiak. Kanpotik datozen ekintzaile eta enpresariek lan edo ikerketa bat izan beharko dute logela bat izateko, eta erakunde kolaboratzaile baten bitartez etorriko dira. 500 eta 1.000 euro artean izango dira 25 m2 eta 40 m2-ko logelak.
Goiaren esanetan, “bigarren talent house” bat irekitzeak erakusten du Donostia “talentua erakartzen duen hiria” da, eta “ikertzaileen eta ekintzaileen mapan dago”. Honela, talentua erakartzeaz gain, bertakoa bertan geratzea da EKINN gunearen helburua. Formazioa lortzeaz gain, “start up-ek beharrezko duten kapitala lortzen laguntzeko” helburua du.
Garmendiak “aukeren fabrika” gisa definitu du gunea, eta Donostiar ekintzaile guztientzat irekita dagoela gogorarazi du. Aurkezpenean emandako datuen arabera, Donostia hiri ekintzailea da, eta sortzen diren enpresen %6,6 berrikuntzaren ekintzailetzaren baitan kokatzen da, Espainiako bataz bestetik pixka bat gorago. Garmendiak nabarmendu du, gainera, ekintzaileen gehiengoa emakumezkoak direla.
Eraikinak 12,5 milioi euroko kostua izan du 2015-2023 aldian.