Jendetza Donostian, Israeli boikota egitera deituz

Gipuzkoako Boikot, Desinbertsio eta Zigorra plataformak antolatuta mobilizazioa egin dute igandean, Hego Euskal Herriko gainontzeko hiriburuekin batera. Palestinari elkartasuna adierazteaz gain, “Espainiako eta Frantziako Estatuei, zein Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako erakundeei exijitzeko neurri zehatz eta eraginkorrak har ditzatela; Gazako zerrendako genozidioa eta Palestinako okupazioa, apartheida eta kolonialismoaren kontra”.
Deitzaileek salatu dutenez, Israel ez da geldituko Gazako “azken txokoa suntsitu” eta “gazatar guztiak desagarrarazten dituzten arte”. Dagoeneko, 30.000 palestinarretik gora erail dituztela gogorarazi dute, horietatik 14.000 inguru adin txikikoak. Gainera, funtsezko azpiegiturak ere birrindu dituzte, hala nola ospitaleak, eskolak zein ur eta energia hornikuntzak; eta 2 milioi pertsonatik gora kanporatu dituzte euren bizitokietatik.
Era berean, “Zisjordanian eta Jerusalemen garbiketa etnikoaren prozesua azkartzen ari da, atxiloketa masiboen, hilketen eta erasoen kanpainekin, bertako biztanleak beren lurraldetik kanporatzeko helburuarekin”, salatu dutenez.
Horregatik, deitzaileek boikot aktibora dei egitera dei egin diete erakundeei, bereziki arma merkataritza eteteko exijituz.
Larunbatean goizaldean, hainbat ezezagunek McDonald’s-i pintura gorria bota zioten, “Isralei boikot” pintaketa egiten zuten bitartean.