Txuri Urdinek ligako finalerako txartela eskuratu du
Garaipenak eskuratu dituzte asteburuan Txuri Urdinek eta Bera Berak, eta porrotak Realak eta Ibaeta Basketek.
Txuri Urdineko jokalariak, finalerako txartela lortu ostean.Txuri Urdin Larunbatean ez zen ezustekorik izan Donostiako Izotz Jauregian, eta Txuri Urdineko neskek 2-1 irabazi zioten Huarteri, horrela ligako finalerako txartela eskuratuz —ez zen hirugarren neurketa jokatu behar izan—. Joaneko partidan 0-8 irabazi zuten donostiarrek, eta itzulerakoan, parekatuagoa izan bazen ere, ez zuten hutsik egin. Galtzen hasi ziren etxekoak, baina Maria Sernaren eta Naroa Ruiz de Galarretaren golei esker, garaipena etxean gelditu zen. Donostiarrak Majadahondarekin neurtuko dira finalean, eta asteburu honetan jokatuko dituzte lehenengo partidak.
Futbolean, oso partida kaskarra egin zuten Realeko mutilek ostiralean Vila-realen aurka, eta 1-3 galdu zuten. Aldaketa ugari egin zituen Imanol Alguacilek hamaikakoan, Bultzada ez zen harmailara sartu jasandako “errepresioa” salatzeko eta oso gau hotza izan zen, zentzu guztietan. Vila-realek, bereziki ondo jokatu gabe eta denbora asko galduz, eduki zituen gol aukerak eta markagailuari eutsi zion. Bigarren zatian Merino zelairatu zuen Alguacilek eta horrek erritmo biziagoa eman zion txuri-urdinen jokoari; hain zuzen ere, berak sartu zuen 1-2-koa neurketako azken minutuetan, baina laster sartu zuen Vila-realek hirugarrena, luzapenean, eta estadioa hustu zen. Ligako zazpigarrenak dira orain txuri-urdinak, Europako postuetatik kanpo. Indarberritu egin beharko da talde donostiarra, asteartean kopako finalerdietako itzulerakoa baitauka Mallorcaren aurka.
Eskubaloian, Bera Berak erraz irabazi zion Gijoni etxean: 37-21. Ligako lidergoa eskuratu nahi duela erakutsi zuen beste behin ere, baina Elxek eta Malagak ere ez zuten hutsik egin, eta goiko hiru postuek berdin jarraitzen dute: Elxek 31 puntu ditu eta Malagak eta Bera Berak 30.
Saskibaloian, porrot mingarria jaso zuen Ibaeta Basketek larunbatean, ligako azken-aurren postuan dagoen Gran Canariaren aurka 75-67 galduta. Zazpigarren postuan daude orain donostiarrak.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen ligako finalerdiak, itzulerako partida
- Txuri Urdin 2 — Huarte 1
Futbola
Gizonezkoen liga, 26. jardunaldia
- Reala 1 — Vila-real 3
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 19. jardunaldia
- Bera Bera 37 — Gijon 21
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 22. jardunaldia
- Gran Canaria 75 — Ibaeta Basket 67

