Finala dute jokoan
Realeko jokalariak, asteleheneko entrenamenduan, Zubietan.Reala Hil ala biziko partida jokatuko du Realak gauean Anoetan (21:30), kopako finalerako sailkapena izango baitu jokoan, Mallorcaren aurka. Joanekoan hutsean berdindu zuten Son Moixen, Sadiqek lau gol aukera argi kanpora botata, eta dena irekita dago itzulerakorako neurketarako. ETB1 telebista katean ikusi ahalko da norgehiagoka.
Mallorca baino talde hobea da Reala, baina txuri-urdinak ez dira momentu batere ona igarotzen ari. Hain zuzen ere, duela bi aste balearren aurka jokatu zuten ligan, eta azken minutuetan lortu zuten irabaztea, bigarren zati osoa jokalari batekin gehiagorekin jokatuta ere —aurretik, bost partida zeramatzan Realak golik sartu gabe—. Eta, pasa den asteburuan, oso partida txarra egin zuen Anoetan Vila-realen aurka, eta 1-3 galdu zuen. Ordea, kopako finalerdi bat beste mundu bat da, eta realzaleen babesa izango du taldeak gaur gauean —baita Bultzadarena ere, asteburuan ez bezala—; giro beroa espero da Anoetan zein kanpoaldean, Imanol Alguacil entrenatzaileak berak hala eskatu baitu.
Min hartuta egon ostean, Mikel Oiartzabal kapitaina deialdian sartu da eta ziurra da minutuak izango dituela, baina ikusteko dago hasieratik zelairatuko duen Alguacilek. Albiste txarra, ordea, Barrenetxearena da, ez baita osatu Vila-realen aurka jasotako kolpetik, eta zerrendatik kanpo gelditu da. Horrela, honako hamaikakoa aurreikusi daiteke Realarentzat: Remiro atean; Traore, Zubeldia, Le Normand eta Galan atzean; Zubimendi, Merino eta Brais erdian eta Kubo, Silva eta Becker aurrean. Hala ere, ezin da alde batera utzi Zakharyan edo Oiartzabal hamaikakoan sartzeko aukera.
Mallorcari dagokionez, hazita etorriko da Anoetara, txuri-urdinen aurka jokatu dituen azken partidetan aurrez aurre jokatzeko gai izan denaren eta edozer gauza gertatu daitekeenaren jakitun, eta ez da ahaztu behar Javier Agirre entrenatzaile beteranoa dagoela taldearen aginduetara. Balearren hamaikakoa hau izango dela aurreikusi daiteke: Greif; Gio Gonzalez, Nastasic, Raillo, Valjent; Jaume Costa; Antonio Sanchez, Samu Costa, Morlanes, Dani Rodriguez eta Muriqi.
Dena irekita dago, dena erabakitzeke. Denboraldi ona egin du orain arte Realak, baina azken asteotan makal dabil, eta gaurkoa izan daiteke bolada txar horri buelta eman eta denboraldiaren azken txanparako indarberritzeko neurketa. Atletico Madril edo Athletic izango da Sevillako finalean egongo den beste taldea —joanekoan Madrilen irabazi ostean, ziurrenik Athletic—, eta ederra litzateke 2021ean txuri-urdinek eta zuri-gorriek zelaian bizitzerik izan ez zuten finala errepikatzea.

