Marisol Garmendia: «Harro nago lehen emakume ordezkaria izateaz»
Marisol Garmendiak, Donostiako Udaleko Ekonomia Bultzatzeko, Ekologiako eta Osasun Publikoko zinegotziak eta bigarren alkateordeak, hitz batzuk eskaini ditu bere albistea plazaratu den lehen orduetan. Izan ere, Marisol Garmendiak Denis Itxaso ordezkatuko du gobernuaren ordezkariordetzan — Itxaso PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburu izango baita Eusko Legebiltzarrerako bozetan—, eta kargu hori izango duen lehen emakumea izango da.
Garmendiak azpimarratu du “harrotasunez bizi duela lehen emakumea izateak, eta euskal emakume sozialista gisa ilusio handia” duela. Bere aukeraketa “Espainiako gobernuak emakumearen alde eta berdintasunaren alde egiten duen apustu zuzena” dela nabarmendu du.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eta PSE-EEri eskerrak eman dizkio Garmendiak beregan “jarritako konfiantzagatik”, eta Denis Itxasok ordezkaritzan “egin duen lan bikainarekin jarraitzea” espero duela dio, ildo beretik jarraitzeko asmoa duela nabarmenduz.
Garmendiak azpimarratu du erakundeen arteko harremanak eta elkarlana hobetzeko eta errazteko lanean jarraitzeko helburua duela, “euskal herritarren zerbitzura delegazioa jarriz”.
Ez dago aldaketaren data zehatzik. Denis Itxaso izango da zerrendaburua martxoaren 11tik aurrera, eta orduan jarriko da prozesua martxan. Ordura arte, zinegotziak bere lanekin jarraituko du udalean.
Eneko Goia alkateak zoriondu egin du Garmendia gaur goizeko prentsaurrekoan, eta azpimarratu du erabaki beharreko aldaketak PSE-EEren esku daudela. Garmendiak antzeko azaldu du: “Oraindik albistearen lehen orduetan gaude eta informazioa gutxi dugu, baina aldaketen berriak iritsiko dira eta aldaketetara moldatuko gara modurik onenean”.