Marisol Garmendia izango da Espainiako Gobernu ordezkaria EAEn
Denis Itxaso ordezkatuko du karguan, PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburu izango baita Eusko Legebiltzarrerako bozetan. Egun, Donostiako Udaleko zinegotzi eta bigarren alkateordea da Garmendia.
Marisol Garmendia izango da Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria aurrerantzean, Denis Itxaso ordezkatuz. IRUTXULOKO HITZA-k baieztatu duenez, Donostiako Udaleko postuak utzi beharko ditu bi kargu izateko ezintasuna dela eta. Gaur egun, Donostiako Udaleko Ekonomia Bultzatzeko, Ekologiako eta Osasun Publikoko zinegotzia eta bigarren alkateordea da. Aurreneko emakumea izango da postu horretan.
Donostiako Udalean, 2007-2011 legealdian, lehendakaritzako zinegotzia eta 2016ko Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitzaren arduraduna izan zen. Hurrengo legealdian, berriz, Lurralde Antolamendu eta Mugikortasuneko foru diputatua izan zen, Gipuzkoako Foru Aldundian.
2019-2023 legealdian, Donostiako Udalera itzuli zen berriz ere, udal taldearen bozeramaile eta Espazio Publikoaren eta Proiektu eta Obren zinegotzi izateko. Iragan maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan, PSE-EEren alkategaia izan zen Donostian, Odon Elorzarekin lehiatu ostean.