Udalak 3,7 milioi onartu ditu 2024an Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako
Donostiako Udalak 3.728.741 euroko gastua baimendu du 2024an Gizarte Larrialdietarako Laguntzak emateko, bai eta laguntza horiek emateko irizpideak ere
Gizarte Zerbitzuak. Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, “aurten iaz baino ia 500.000 euro gehiago erreserbatu dira, eta litekeena da ekitaldian zehar gastu handiagoa baimendu behar izatea, eta kasu horretan behar bezala handituko da”.
Gizarte larrialdietarako laguntzak, prestazio ekonomikoak dira, diru laguntza izaera dute eta ez-aldizkakoak dira. Diru laguntza hauek ohiko edo ezohiko gastuei aurre egiteko nahiko baliabiderik ez duten pertsonentzat zuzenduta daude. Laguntza hauen bidez, gizarte baztertze egoeran egon daitezkeen pertsonei gastu arruntei aurre egiteko baliabide nahikoak izateko laguntza ekonomikoa ematen zaie.
Diru laguntzak gastu hauek estaltzeko eman izan ohi dira: etxebizitzaz gozatzeko eta hura mantentzeko gastuak (alokairua, hipoteka, argindarra, etab.); oinarrizko beharrak (gastu mediko ez-sanitarioak); eta aurrekoekin lotutako zorrak.

