Donostia Kulturak udaberri honetarako 45 ikuskizun aurkeztu ditu
Donostia Kulturak atzo aurkeztu zuen 2024ko udaberriko arte eszenikoetako ordainpeko programazioa. Dantza, antzerkia eta musika, guztira 45 ikuskizun izango dira, eta antzoki eta kultur etxeetan aurkeztuko dituzte haien lanak. Gaurtik aurrera sarrerak eskuragarri daude; 11:30etik aurrera Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, eta Donostia Kultura webgunean.
21 kontzertu, 15 antzezlan eta 9 dantza emanaldi dira aurkeztutakoak eta Victoria Eugenian, Antzoki Zaharrean, Gazteszenan eta Lugaritz, Intxaurrondo eta Larratxo kultur etxeetan estreinatuko dira. Ikuskizun guzti horien artean, Jabier Muguruza, Idoia, Eñaut Elorrieta, Eneko Sagardoy, Asier Etxeandia eta Malandain Ballet Biarritz dira izen ezagunenak, baina beste hainbat artista eta arte proposamen daude, eta denek sortuko dute Donostian, Jon Insausti Kulturako zinegotziak azaldu zuen moduan, “emozioen kaxa”.
Halaber, haurrei zuzendutako 5 ikuskizun ere estreinatuko dira. Gogoan izan ikastetxeek izena eman dezaketela XXI. Giza Eskubideen Zinemaldiak haur eta gazteei urtero eskaintzen dizkien proiekzioetarako. Giza eskubideen inguruko hausnarketa lantzeko, ikastetxeei Kurrin, Dounia eta Alepoko printzesa eta 20.000 especies de abejas pelikulen eskaintza luzatuko da. Halaber, kontzientzia kritikoa bultzatuz, Donostian inoiz ikusi ez diren gai sozialak jorratzen dituzte zinemaldiko filmek; izan ere, batzuk, nazioarteko jaialdietatik datoz. Festibal honen helburua giza eskubideen urraketen aurrean herritarren kontzientzia kritikoa piztea da eta, pertsonek gizartea eraldatzeko jardun dezaten bultzatzea. Gogoan izan gazte epaimahairako izen emate epea irekita dagoela martxoaren 15era arte.