«Gure hira gero eta bizi-ezinagoa bihurtzen ari da», Donostia Defendatuzen iritziz
Hiriko hainbat auzo elkartek eta herri mugimenduk osatzen duten Donostia Defendatuz koordinadorak Donostiako Udalaren azken hilabeteetako hainbat “jarduera larri” salatu ditu, datozen asteetarako mobilizazioetan parte hartzera deituz.
“Donostiako gaur egungo hiri ereduak gutxiengo batzuei mesede egitea du norabidetzat”, plataformaren ustez. Udal Gobernuak “espekulazioarekin, turismoarekin eta luxuarekin” negozioa egiten duten jardueren alde hartutako erabakiak “bata bestearen atzetik datoz”, plataformaren ondorioz, Horrenbestez, hiria “turistifikazio prozesu basatian” murgilduta dago eta “etxebizitza larrialdia areagotuz” doa.
Salatu dutenez, politika horien ondorioak gero eta larriagoak dira eta “donostiarron gehiengoak pairatzen ditu egunero-egunero”. Salatu dutenez, “gure hiria gero eta bizi-ezinagoa bihurtzen ari da”.
31 dira koordinadoran parte hartzen ari diren eragileak, eta denen aldarrikapenak ekarri dituzte agerraldira: Basque Culinary Centerren bigarren eraikina eraikitzen hastea, San Bartolome muinoan merkataritza-gune erraldoia jartzeko proiektua, eraikin historiko esanguratsu eta bereizgarriak babesik gabe uztea eta eraistea (Arte Ederren Antzokia, Atotxako Geltokia eta abar), Donostia tentsio handiko gune izendatzeko urratsik ez ematea, Xabi Alonsoren Igeldoko txaletaren kasuan “trikimailu legalak” erabiltzea, zuhaitzen mozketak, Belartzan landa gunea ez berreskuratzea, Metro-pasantearen proiektu “zentzugabea” bultzatzea, Emisio Gutxiko Eremua “karratu txiki batera mugatzea”, hondakinean “kudeaketa txarra”, eta abar luze bat.
Hirigintza zinegotziari, Ekologia zinegotziari eta alkateari eskatu diete agerraldi publikoa egin dezatela herritarren aurrean, “hiri ereduaren inguruan dituzten kezkei erantzuteko eta erakundeetako arduradunek hartutako erabakien gaineko azalpenak emateko”.