Manifestaziora deitu dute larunbat honetan Parte Zaharreko bizilagunek, ostalaritzan izandako suteengatik
Larunbat honetan manifestaziora deitu du Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak, udalak ez duelako ostalaritzako establezimenduen, sukaldeen eta tximinien gaineko kontrolik egiten salatzeko. Manifestazioari Santa Mariako atetik hasiera emango diote, larunbat honetan, 12:00etan.
Parte Zaharreko bizilagunek “kezkatuta” daudela azaldu zuten pasa den astean, auzoan izan diren suteak direla eta; izan ere, Fermin Kalbeton kaleko Zumeltzegi tabernako sutearen ondoren, Eneko Goia alkateak esan zuen “ikuskapenak egiten direla ostalaritzako establezimenduetan sukaldeek bete beharreko baldintzak betetzen dituztela kontrolatzeko”. Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak, horri erantzunez, adierazi zuen suteak daudenean soilik egiten direla ikuskapen horiek.