Palestinaren aldeko mobilizazio masiboa deitu dute hainbat kulturgilek, sortzailek eta artistek
Mobilizazioa martxoaren 17rako deitu dute, 12:30ean Alderdi Ederren.
Hainbat kulturgilek, sortzailek eta artistek manifestazio masiborako deialdia luzatu diote gizarteari San Telmo Museoan egindako aurkezpen baten bitartez. Mobilizazioa 12:30ean izango da, Alderdi Ederretik hasi eta Haizearen Orrazian amaituko dena. Bidetik, dozenaka artistek haien pieza artistikoen ikuskizunak eskainiko dituzte, formatu txikian, “kaleko artisten gisa ia ia”. Bertsolariak, dantzariak, mimoak, margolariak muralak margotzen eta abeslariak bertan izango dira.
Sortzaile eta artistak izan dira deia luzatu dutenak, “herritar gisa, bestelako elkarte, plataforma, sindikatu, alderdi politiko edo antzekoetatik at”, nahiz eta guztiei luzatuko dieten “manifestazio nazional horretara joateko deia”.
30.000 pertsona hil dituzte jada Palestinako masakrean. “Baina zenbakiek ez dute dena kontatzen” azaldu du Olatz Salvadorrek Harkaitz Kano idazlearen testua irakurtzen, eta “genozidio baten aurrean gaudelako, eskatzen diegu gure politikariei, Israelekin dituzten harreman ekonomiko, komertzial eta militarrak bertan behera uztea”.
“Behin betiko su etena, okupazioaren amaiera eta gizon, emakume eta haur errugabeen indarkeria eteteko” eskatzen dute mobilizazio masibo honen bitartez.
Hainbat dantzari, abeslari, zuzendari eta egile ezagun dira ekimen honetan parte hartu dutenak; besteak beste, Jon Maya, Mireia Gabilondo, Olatz Salvador, Agurtzane Inxaurraga, Itziar Ituño, Karra Elejalde, Bernardo Atxaga, Mariasun Landa, Ruper Ordorika, Toti Martinez de Lezea, Amets Arzalluz, Montxo Armendariz, Unax Ugalde, Ramón Barea, Alex Ubago, Harkaitz Cano, Esti Urresola, Gorka Otxoa, Jon Garaño, Aitor Arregi, Asier Etxeandia, Diego Vasallo eta Eneko Sagardoy.