Burgosen fusilatu eta lurperatutako anarkista donostiarrak
Esteparren (Burgos, Espainia) bada mendi bat, non frankistek errepublikano asko eta asko fusilatu eta hobi komunetan bota zituzten 36ko gerraren lehenengo hilabeteetan. Hainbat euskal herritarren gorpuzkiak daude han, tartean hiru anarkista donostiarrenak, eta euren istorioak ezezagunak ziren orain arte.

Gipuzkoako CNTren Oroimen Taldea buru-belarri dabil frankismoak errepresaliatutako bere militanteen memoria berreskuratzeko lanetan, eta Donostiako hiru militante anarkosindikalistaren memoria berreskuratu dute oraingoan: Antonio Larrañaga Goñirena, Claudio Egaña Otamendirena eta Enrique Etxabe Artolarena. «Aranzadi Zientzia Elkartearekin egindako elkarrizketa batean, aipatu ziguten Esteparren lurperatuta zegoen altzatar baten kasua: Egaña Otamendi. Kontatu ziguten beraiek hara joan zirela bere garaian indusketak egitera, eta harrituta gelditu zirela euskal herritar asko zeudelako», kontatu du Gipuzkoako CNTren Oroimen Taldeko Josetxo Etxeberria donostiarrak.
Hain zuzen ere, frankistek Burgosko espetxetik ateratako 330 lagun fusilatu zituzten Esteparreko mendian 1936ko irailaren 1etik urriaren 12ra; 2015ean Burgosko Unibertsitateak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako indusketen txostenean hala dago jasota. 96 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu zituzten indusketa haietan, baita haien izenak zerrendatu ere.
1936ko irailean oraindik miliziano errepublikanoak Gipuzkoa eta Bizkaia defendatzen ari ziren, eta horrek honako galdera sortzen du: Zer egiten zuten hainbat euskal herritarrek, orduan, Burgosen? Etxeberriak argitu du galdera, CNTko militanteei dagokienez behintzat: «Bigarren Errepublikan, amnistia bat eman zuten preso politikoentzat, baina CNTko Defentsa Konfederaleko Taldekoak kanpoan utzi zituzten. Talde horrek armak jasotzen zituen, dirua biltzen zuen, sabotaje batzuk egiten zituen, bahiketaren bat… ekintza zuzeneko jendea zen. Horietako batzuk atxilotu egin zituzten errepublikaren garaian, baina delitu arruntak leporatuta espetxeratu zituztenez, ez zituzten amnistiarekin askatu. Faxistak iritsi zirenean, ordea, Burgosko espetxera sartu ziren eta azkar erabaki zuten zeintzuk fusilatu behar zituzten, bazekitelako zeintzuk ziren militante politikoak eta zeintzuk ez. Eta beraiek baldin bazekiten, errepublikak ere bazekien».
Kasuz kasu
Antonio Larrañaga Goñirena da kasu bereziena, Altsasu Memoria elkartearen bidez izan baitzuten CNTkoek bere historiaren berri, Altsasutik gertu dagoen Etxarri Aranatz herrikoa (Nafarroa) zelako jaiotzez: «Beraiek ikusi zuten Esteparren lurperatutakoen zerrendan Etxarri Aranatzeko bat zegoela, senideren bat topatu zuten, Aranzadirekin harremanetan jarri ziren eta DNA laginen bidez identifikatu zuten. Etxarri Aranatzekoa zen, baina Donostiara etorri zen bizitzera, baita hemen ezkondu eta bi seme-alaba eduki ere», kontatu du CNTko kideak.
Haren ondorengoak Puerto Ricon bizi dira egun, eta DNA laginak bidali zituzten handik 2023an. Bestalde, aurten Esteparreko hilerria bisitatu dute, Larrañaga Goñi omentzeko. «Familiari beti esan zioten gaizkilea izateagatik atxilotu zutela euren arbasoa, baina orain senideek kontzientzia hartu dute militante politikoa zela, eta harrotasun puntu hori berreskuratu dute. Hunkigarria da», nabarmendu du Etxeberriak.

Antonio Larrañagaren iloba Mari Carmen (ezkerrean) eta biloba Alicia (eskuinean), Esteparreko hilerrian, frankismoak errepresaliatutakoen omenezko kolunbarioan; Puerto Ricotik etorri ziren euren senidea identifikatzeko.Gipuzkoako CNTren Oroimen Taldea
1936ko estatu kolpe saiakeraren aurretik espetxeratu zuten Larrañaga Goñi, indusketen txostenean jasota dagoenez, «atentatu, lapurreta, kalte eta armak legez kontra edukitzearen delituagatik». Etxeberriak nabarmendu du «ekintza zuzena» egiten zuen militantea zela, eta Vicente Moriones anarkista ezagunarekin (Sanguesa, Nafarroa, 1913-Bilbo, Bizkaia, 1970) ekintzak egiten ibilitakoa zela.
Hain zuzen ere, Iruñeko Banco Hispano Americanon egindako atrako batengatik espetxeratu zuten, eta lapurreta horretan bertan hartu zuen parte Enrique Etxabe Artolak: «Hor dago bien arteko lotura», nabarmendu du Etxeberriak. Etxabe Artolaren inguruko informazio handirik ez dute lortu momentuz, ezta argazkirik ere, baina uste dute Zeberiokoa (Bizkaia) zela jaiotzez eta Donostian bizi zela. Bestalde, bitxikeria gisa, Iruñeko atrako horretan beste bi anarkista garrantzitsu ere egon ziren inplikatuta: Aurelio Fernandez Sanchez (La Corredoria, Asturias, Espainia, 1897-Puebla, Mexiko, 1974) eta Juan Garcia Oliver (Reus, Herrialde Katalanak, 1902-Guadalajara, Mexiko, 1980).
«Faxistak iritsi zirenean, Burgosko espetxera sartu ziren eta azkar erabaki zuten zeintzuk fusilatu behar zituzten,
bazekitelako zeintzuk ziren militante politikoak eta zeintzuk ez. Eta beraiek baldin bazekiten, errepublikak ere bazekien»Josetxo Etxeberria, Gipuzkoako CNTren Oroimen Taldea
Hirugarren anarkista donostiarra Claudio Egaña Otamendi da. Aizarnan jaioa zen (Gipuzkoa), baina Altzan bizi zen. Atletismoko Espainiako txapelduna izan zela azaldu du Etxeberriak, baita CNTko militantea zela ere. Ordea, momentuz ez dakite zergatik espetxeratu zuten Burgosen; indusketen txostenean jasota dagoenez, Donostian epaitu zuten, lapurreta delituagatik eta armak legez kontra edukitzeagatik, baina ez dago auzia zehaztuta.
Bilatu eta aldarrikatu
Gipuzkoako CNTk bere hiru militanteren gorpuzkiak non dauden daki orain, eta Etxeberriak nabarmendu du lanean jarraituko dutela ahalik eta errepresaliatu antifaxista gehienen memoria berreskuratzeko, ziren eragile politikokoak zirela. Izan ere, ideia garrantzitsu bat gogorarazi du: «Etsaiak ez zuen zalantzarik: EAJkoak, CNTkoak, komunistak, sozialistak… guztiak batera hil eta batera lurperatu zituzten. Faxismoen aurrean, ezin dugu hori ahaztu. Hori da benetako ikasgaia».