Donostia Oinez egitasmoa abiatuko du udalak astelehenean, adinekoen artean jarduera fisikoa sustatzeko
Donostiako Udaleko Kirol sailak, Adinberri Fundazioarekin eta Wellk enpresarekin elkarlanean, programa pilotu bat abiatuko du astelehenean (hilak 4), “Donostiako herritarren artean bizitza aktibo eta osasungarria sustatuko duten tresnak bultzatzeko eta, horrela, haien bizi kalitatea, ongizate fisikoa eta emozionala hobetzeko”, udalak azaldu duenez.
“Martxoaren 4tik apirilaren 7ra arte, Donostia Oinez erronkari hasiera emango zaio, eta parte hartzaileek kilometroak batu beharko dituzte erronkaren hiru mailak desblokeatzeko, Donostia Kirolak emandako sarien zozketan sartuz. Ezarritako lehenengo maila 1.500 kilometro betetzen direnean desblokeatuko da, parte hartzaile bakoitzaren kilometro multzoa batuz”, azaldu du Kiroletako zinegotzi Iñaki Gabarainek.
Horretarako, Donostia Kirolak sentsibilizazio-eta prestakuntza jarduerak egingo ditu adinekoen artean, hala nola, gimnastika ikastaroak eta PIZTU programaren bidez bideratutakoak. Erronkan parte hartzen duten pertsonek Wellk aplikazioa erabiliko dute egindako kilometro horiek kontabilizatzeko.