Europako bosgarren eta seigarren sailkatu dira Fortunako Markel Amat eta June Ruiz eskrimalariak
Fortuna Kirol Elkarteko June Ruiz Belategi (Hernani, Gipuzkoa, 2008) eta Markel Amat Baztarrika (Pasai San Pedro, Gipuzkoa, 2008) eskrimalari kadeteak Napolin (Italia) egon dira berriki —otsailaren 21etik 26ra—, Europako Eskrima Txapelketan lehiatzen, eta Igor Otaegi entrenatzaileak azaldu duenez, “oso esperientzia ona” izan da. Espainiako Eskrima Federazioak Europako Txapelketan lehiatzeko aukeratu dituen lehenengo eskrimalari gipuzkoarrak dira.
Bereziki, taldekako lehiaketan lortu zituzten emaitza onak, entrenatzailearen arabera: “Lehiaketa indibidualetan ez genituen lortu esperotako emaitzak, bai Junek eta bai Markelek garaipen bana baino ez baitzuten eskuratu, eta ez ziren lehenengo fasetik pasatu. Taldekakon, aldiz, egoera irauli zuten. June Europako seigarren gelditu zen Espainiako selekzioarekin eta oso ondo aritu zen. Markelek bizkarrean hartu zuen bere taldea, bikain aritu zen, eta Europako bosgarren gelditu ziren”.
Proba horretan egindako lanari esker, gainera, Espainiako Federazioak Saudi Arabian jokatuko den Munduko Txapelketara joateko hautatu du Amat. “Greziarren aurka 10-0-eko partzial bat lortu zuen, eta Frantziaren eta Alemaniaren aurka ere txanda guztiak irabazi zituen”, gaineratu du Otaegik.
Era berean, entrenatzaileak nabarmendu du etorkizun oparoa espero dutela bi eskrimalarientzat: “Europako txapelketa batera doazen lehenengo aldia da, eta kontuan izan behar da bien lehenengo urtea dela kadeteetan, beraz, etorkizunean emaitza are hobeak izango dituztelako itxaropena dugu. Oso esperientzia ona izan da”.