Ezezagunak izatetik, anai-arreben gisan elkar estimatzera
SOS Arrazakeriaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Izan Harrera programan ari dira parte hartzen Mammadou Ciss maliarra eta Abigail Caminos donostiarra. Proiektuak errefuxiatuen eta pertsona migranteen harrera prozesua erraztea du helburu, eta bikote honek primeran burutu du helburu hori. Ekainetik ezagutzen dute elkar, eta askotariko planak egin dituzte elkarrekin. Beraien esperientzia nolakoa izan den azaldu digute.
Mammadou Ciss (Kayes, Mali, 2000) eta Abigail Caminos (Zaragoza, Espainia, 1989) ekainetik dira lagunak, eta hain denbora gutxian, familia bereko senideak izango balira bezala tratatzen dute elkar. Caminos Zaragozan jaio bazen ere, bi urte zituenean etorri zen Donostiara, eta Erdialdean bizi da gaur egun. Cissek, aldiz, 2018an erabaki zuen bere herrialdetik irtetea, eta Antiguan bizi da orain, udalaren etxe batean, beste bi pisukiderekin.
SOS Arrazakeriak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duten Izan Harrera programari esker ezagutu dute elkar, bertan parte hartzen ari baitira. Programaren helburua bertako pertsona boluntarioak errefuxiatuekin eta pertsona migratzaileekin harremanetan jartzea da, bikoteak sortuz. Horrela, harrera prozesua erraztea eta migrazioaren inguruko estigmei eta estereotipoei aurre egitea bilatzen du Izan Harrerak.
Bide zaila Donostiaraino iristeko
Ciss 2018an etorri zen Donostiara, Malitik. Ez zen zuzenean etorri, ordea; lehenago hainbat tokitatik pasatu behar izan zuen. «Bakarrik etorri nintzen; Almeriara (Andaluzia, Espainia), hasieran. Etorkin guztiek bezala, hiru hilabete pasatu nituen han. Gero, Alacantera (Valentzia, Herrialde Katalanak) joan nintzen, eta han ere hiru hilabete pasatu nituen, elkarte batean. Hiru hilabete pasatu zirenean, nire bizimodua aurkitu behar izan nuen, bakarrik. Frantzian bizi den nire anaia batekin elkartu nintzen azkenean. Plana Frantzian bizitzea zen, baina niri ez zait gustatzen han bizitzea. Hala ere, gaixorik nengoenez, sendatzeko Frantziara joan behar genuen. Ordea, Euskal Herrira iritsi ginenean, nire anaiak ikusi zuen osasunak ez zidala uzten Frantziaraino iristen, eta Irungo ospitalera joan ginen», azaldu du Cissek.
Ospitalean hainbat proba egin zizkioten zer zeukan ikusteko, eta medikuek esan zioten bere osasuna oso gaizki zegoela: «Bertan geratu nintzen, eta bi odol poltsa jarri zizkidaten, gaixotasun batengatik odol falta nuelako. Eskanerra egin zidaten, eta ebakuntza bat egin behar zidatela ikusi zuten. Ordea, Irungo ospitalean ez dute ebakuntzarik egiten, eta Donostiara ekarri ninduten. Hemen operatu ninduten, eta bi hilabetez egon nintzen ospitalean».
Frantzian bizi behar bazuen ere, gaixotasun baten ondorioz Donostian ebakuntza bat egin zioten Cissi, eta hemen bizi da
Gaur egun, Antiguan bizi da. Udalarena da etxea, eta etxe horietan gehienez hiru lagun bizi daitezke. «Hemengo beste bi pertsonarekin bizi naiz. Oso ondo nago Donostian. Egia esan, asko gustatzen zait, eta hemen geratzea gustatuko litzaidake», adierazi du Cissek.
Bidebietan dagoen Adsis Fundazioan soldadura ikasten ari da, eta asko gustatzen zaiola nabarmendu du: «Lau aste geratzen zaizkit praktikak egiten hasteko, eta gogoz nago».
Bizitzen ikasteko aukera
Ainara izeneko hezitzaile bat du Cissek, eta berak gonbidatu zuen Izan Harrera programan parte hartzera: «Hezitzaileak esan zidan programan nire izena emango zuela, udan jarduerak egin nitzan».
Caminos irakaslea da, eta Helduen Hezkuntzako Ikastetxean egiten du lan, Herreran. Iaz, lagun bati esker pentsatu zuen Izan Harreran izena ematea: «Haurrekin beste hainbat proiektutan parte hartu izan dut irakaslea naizelako, eta gai hau asko interesatzen zitzaidan. Lagun batek eman zidan proiektu honen berri, eta biok erabaki genuen izena ematea», adierazi du Caminosek.
Hezkuntzarekin lotutako boluntariotzak egin izan ditu, eta Paraguain ere aritu zen horretan, zentro batean. «Ordea, beti haurrekin aritu naiz gauza horiek egiten, eta banuen gogoa proiektu hau probatzeko», azaldu du.
Hezkuntza arloko boluntariotzak egin izan ditu Caminosek, eta lagun batek proposatu ziolako erabaki zuen Izan Harreran izena ematea
Biek ala biek ondo gogoratzen dute nolakoa izan zen elkar ezagutu zuten eguna. «Lehenengo egunean, Silvana Lucianirekin joan nintzen, SOS Arrazakeriako proiektuaren arduradunarekin. Eta Mammadou bere hezitzailearekin etorri zen, Ainararekin. Elkar aurkeztu gintuzten, eta beraiek momentu batean bakarrik utzi gintuzten guk gure lehen zita jartzeko. Paseatzera joateko geratu ginen», esan du Caminosek. «Lehen egunean hondartzan geratu ginen, Kontxan. Gero Zurriolara joan ginen, hormaraino, eta jaten eta hitz egiten aritu ginen. Oso egun polita izan zen eta asko gustatu zitzaidan», gehitu du Cissek.
Caminosentzat ere «oso egun polita» izan zen. «Gogoratzen naiz hasieran, proiektu honetan izena eman genuenok hitz egiten genuenean, jendeak beldurra zeukala, ez zekielako nolako esperientzia izango zen. Ni, egia esan, oso pertsona irekia naiz, eta ez neukan beldurrik edo lotsarik. Joan nintzen, eta oso gustura eta eroso aritu ginen guztiaren inguruan pixka bat hitz egiten», nabarmendu du.
Gutxi gorabehera, urtebete irauten du programak, eta arauetako bat da bikoteak gutxienez astean behin geratzea. «Agian gu izango gara une honetan parte hartzen ari diren hamasei bikoteetatik gehien geratu izan garenak. Azken finean, ni irakaslea naiz, eta uda osoa libre neukan. Mammadou ere oporretan zegoen, eta, beraz, elkarrekin ondo moldatu gara eta denbora libre asko izan dugu planak egiteko», azaldu du Caminosek.
Gauza baliotsua da gustuko gauzak egiteko denbora izatea, eta bikote honek ederki jakin du denbora hori kudeatzen, ia denetarik egin baitute. «Planak egiten ditugu, gimnasiora elkarrekin joaten gara, eta baita festetara ere. Batzuetan, Abik bere familiarekin planak egitera ere gonbidatzen nau», esan du Cissek. «Bai, Gabonak gurekin ospatu zituen. Orain, neguan, askotan joaten gara gimnasiora, baina udan hondartzara eta herrietako jaietara ere joaten gara, giroa pixka bat ikustera. Zinemara ere joan izan gara, eta Zinemaldira eta Jazzaldira ere bai», gehitu du Caminosek.
Elkar ezagutu zutenean, Cissek ez zekien igeri egiten, baina helburu gisa jarri zuten igerian Santa Klara irlara joatea. Horretarako igeri egiten jakitea beharrezkoa dela kontuan hartuta, igerilekuan izena eman zuten. Caminos igerilaria izandakoa da, baina Cissentzat guztiz esperientzia berria izan zen. «Igerilekura joatea dibertigarria izan da, izan ere, jendeak azkenerako ezagutu egiten gintuen, eta sorosleek ere bai. Pila bat animatzen zuten Mammadou, eta igerian asko hobetu zuela esan zioten», azaldu du Caminosek.
«Gainera, igeriketako irakasle izandako gizon bat ezagutu genuen igerilekuan. Behin, gizon horrekin topo egin nuen gimnasioan, eta bizikleta bat oparitu zidan», kontatu du Cissek.
Igerilekuan nahiko ondo moldatzen zirela ikusi zutenean, gaitasun hori hondartzan jarri zuten frogan. «Ezin genuen irlaraino joan, baina Mammadouri esan nion gabarroiraino behintzat iritsi behar genuela. Beraz, egun batean, nire mutil lagunak, nire lagun batek, Mammadouk eta laurok saiakera egin genuen. Kostata, baina iritsi ginen», oroitu du Caminosek. «Oso nekatuta nengoen, baina helburutzat nuen iristea, eta ez nuen amore eman nahi. Abik esaten zidan hondartzara itzuliko ginela, ez zelako beharrezkoa gabarroiraino iristea. Baina nik iritsi nahi nuen, eta iritsi nintzen. Oso pozik nengoen, baina nekatuta. Itzuli ginenean, hondarretan etzan nintzen», gehitu du Cissek.
Caminosen eskutik, askotariko planak egiteko aukera izan du Cissek; besteak beste, igeri egiten ikasi du
Caminosek azaldu duenez, Cissek beti izaten du gogoa berak proposatzen dizkion planak egiteko, eta horrek ere lagundu du hain denbora gutxian harreman indartsu hau eraikitzen: «Beti pentsatu izan dut Mammadou maitatzeko oso pertsona erraza dela. Nik badakit proiektuan egon direla beste harreman batzuk ez dutenak gure konexio bera izan, baina Mammadourekin egotea oso erraza da. Dena egiteko gogoa du, eta gogoratzen naiz lehen egunean esan niola mendira joan gintezkeela, niri gustatzen zitzaidalako. Berak esan zidan baietz, baina gero bere hezitzaileak kontatu zidan ezin zuela mendira joan, belaun batean mina zuelako. Ez dakit, erraza izan da harreman hau eraikitzea».
Programan parte hartzeko laguntzak
Programan parte hartzen duen bikote bakoitzari 80 euro ematen dizkiete planak egin ahal izateko. Kafe bat hartu ostean edo zinemara joan ondoren, adibidez, tiketa gorde eta programaren antolatzaileek dirua itzultzen diete gero. «Hori garrantzitsua da, izan ere, egia da jendearentzat kezka bat izan daitekeela izena ematerako garaian. Agian norbaitek pentsa dezake dena ordaindu beharko duela une oro, eta horrek atzera bota dezake jendea», azaldu du Caminosek.
Diru horretaz gain, Aquariumerako edo Realaren partidak Anoetan ikusteko sarrerak ere eman izan dizkiete. «Sarrera gutxi eman dizkigute, egia esan. Orain arte, behin soilik joan gara, eta orain, martxoaren 12rako beste sarrera batzuk eman dizkigute», zehaztu du Caminosek.
Gauza horiez gain, jarraipen bat ere egiten diete antolatzaileek, dena ondo doan ikusteko: «Online plataforma bat dugu, eta beste pertsonarekin geratzen garen bakoitzean, bion argazki bat igo eta azalpen bat eman behar da, kontatzeko zer egin dugun egun horretan. Azken finean, eguneroko bat bezala sortzen da hor, eta ondo dago, gogoratzeko zer egin dugun egun bakoitzean. Gero, batzuetan bilera informatiboak egiten genituen, eta baita gure erlazioa nolakoa zen azaltzeko bilerak ere. Gainera, edozein arazo badago, gazteen hezitzaileekin ere jartzen dira harremanetan SOS Arrazakeriakoak».
Cissi eta Caminori laster itxiko diete programa, dagoeneko lagun arteko erlazio egonkor bat dutelako. Hala ere, oraindik badituzte elkarrekin egin beharreko zereginak, Caminosek azaldu duenez: «Hasieran, euskara pixka bat ikasten hasi ginen, baina momentuz, apur bat bazterrean utzi dugu zeregin hori. Berriro hartu beharra daukagu».
Eta baita plan handi bat ere: Malira elkarrekin bidaiatzea. «Batez ere, Abik nire kultura ezagutzea nahi dut, eta hango janaria ere bai. Malin segun eta nori galdetzen diozun, ohiko plater bat edo beste esango dizu. Nire familian, ordea, kuskusaren antzeko elikagai bat jaten dugu gehien», azaldu du Cissek.
Bidaia handi hori etorkizuna da, ordea. Atzera begiratuz gero, ohartu dira asko ikasi dutela batak bestearengandik. «Nik gauza asko ikasi ditut bere herrialdeaz eta erlijio musulmanaz, adibidez», esan du Caminosek. Cissek, berriz, «denetarik» ikasi duela adierazi du: «Abi pertsona ona da, eta gauza asko erakutsi dizkit. Sekula egin ez ditudan planak egin ditut berarekin. Donostia erakutsi dit, lehen ez nuelako ezagutzen, beti etxean nengoelako».
Oraindik badituzte plan batzuk egiteke; adibidez, Malira elkarrekin bidaiatu nahi dute, Caminosek Cissen kultura ezagutu dezan
Esperientzia hau gogoangarria izan dela nabarmendu dute, eta, «zalantzarik gabe», Izan Harrera proiektuan parte hartzea gomendatzen dutela. «Oso proiektu polita iruditzen zait, eta, gainera, laguntza hori behar duen oso jende jatorra eta ona dago. Orain, Helduen Hezkuntzako Ikastetxean egiten dut lan, eta Mammadouren moduko pertsonez inguratuta pasatzen dut eguna; etorri berriak diren eta hizkuntza ikasten ari diren pertsonez. Askok behar dute norbait izatea alboan, eta ez ezertan laguntzeko, zeren nik Mammadouri ez diot inoiz ezertan lagundu. Agian egun batean zerbait zehatza egiten, baina besterik gabe; beraiekin zure denbora partekatzea da helburua, eta erabat gomendatuko nuke», nabarmendu du Caminosek.
Cissek ere iritzi bera du: «Nik ezagutzen ditudan Maliko pertsona asko ari dira programan parte hartzen. Denak animatuko nituzke, jendea pozik dagoelako».
Izan Harrera programa ixteak ez duela beraien arteko aldaketarik suposatuko adierazi du Caminosek. «Niretzat denak berdin jarraituko du, harreman ona egin dugulako. Beti eduki dugu elkarrekin geratzeko gogoa, nire ustez behintzat. Ez da sekula obligazio bat izan, eta ez gara geratu elkar ikusi behar genuelako derrigorrez. Kontrara, beti eduki izan dugu elkar ikusteko gogoa», nabarmendu du.
Are gehiago, programaren bidez eraiki duten laguntasun hau betirako izatea espero dute biek ala biek. «Nik opor guztiak libre ditudanez, planak egiteko pertsona bat ondoan edukitzea ideia ona iruditzen zitzaidan hasieran, neurekoia izanez. Baina, gaur egun, Mammadou oso pertsona garrantzitsua da niretzat. Lagun bat gehiago da, eta baita nire familiaren parte ere. Nik imajinatzen dut epe luzera familia izango dudala, eta Mammadouk berea, eta lagunak izaten jarraituko dugula. Hori espero dut behintzat», azaldu du Caminosek.
Beraien harremana definitzen duen hitzarekin amaitu du elkarrizketa Cissek: «Abi arreba baten modukoa da niretzat».