Hekimenek «konpromisoa» eskatu die erakundeei, euskal hedabideei «beste bultzada handi bat emateko»
Herri ekimeneko euskal hedabideak biltzen dituen Hekimen elkarteak urteroko batzarra egin du ostiral goizean Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, eta euskal hedabideen sektorearen inguruko hausnarketa egin du. IRUTXULOKO HITZA Hekimenen parte da, eta batzarrean egon da.
Elkarteak plazaratutako oharrean nabarmendu duenez, egungo aldaketa teknologikoek, sozialek eta generazionalek “birsortzera” eraman behar dute euskarazko hedabideen sektorea, eta horrek ahaleginak eskatuko ditu: “Iraungo badugu, komunikabide eraginkorrak, kalitatezkoak, askotarikoak, modernoak, herritarrekin harreman estua dutenak, gure kulturan ongi errotuak, euskara ardatz dutenak, teknologikoki ongi garatuak, lantalde profesional formatuak dituztenak, berritzaileak, irudimentsuak eta egoki kudeatuak behar ditugu”.
Hekimenek gogorarazi du 2019ko diru laguntza berriekin “bultzada” eman zitzaiela euskal hedabideei, baina eraldaketa prozesu hori moteldu egin dela deitoratu du: “2019. urtean abian jarri zen diru laguntza eredu berriak bultzada ekarri du euskarazko komunikabideek osatzen duten sektorearentzat, baina, zoritxarrez, pandemiak eta gerrak tarteko, eraldaketa prozesua galgatzen duten zailtasun gehigarriak sortu dira”.
Horrela, hauteskunde atarian gaudela aprobetxatuta, alderdiei eta erakundeei “konpromisoa” eskatu diete: “Eusko Jaurlaritzaren gidaritza eskuratzeko lehian ari diren alderdiei jakinarazi nahi diegu behar-beharrezkoa dela sektoreari beste bultzada handi bat ematea, zailtasunak gainditu eta berriro ere eraldaketaren bidea indarrez hartzeko”. “Korporazio mediatiko handien eragin homogenizatzailearen aurrean, herri mailako erronka da honakoa. Gure izana, kultura, hizkuntza eta balio demokratikoak dira arriskuan egongo direnak ez badugu lortzen berezko sare mediatiko askotarikoa, ongi errotua eta euskalduna indartzea”, gehitu dute.
Eskakizunak eta konpromiso propioak
“Zailtasun eta erresistentzien” gainetik, lau konpromiso hartu ditu Hekimenek: berrikuntzan ahalegin sakona egitekoa, sektorea bere osoan garatuz; eraldaketa prozesua komunitatearekin eta administrazioekin batera egitekoa, beti garden jokatuz; berrikuntzaren bidez, eraldaketa prozesu oso bat egitekoa, alor guztietan eraginez, kalitatean, kudeaketan, formakuntzan, egokitze teknologikoan zein hedapenean; eta, azkenik, beharrezko baliabideak eskuratzeko bideak urratzekoa.
Hekimenen ustez, euskarazko hedabideen sektorea indartzea funtsezkoa da “Euskal Herriaren eraikuntzan, euskararen berreskurapen prozesuan eta demokraziaren sustapenean”, eta, horregatik, honako sei konpromisoak eskatu dizkiete erakunde publikoei eta horiek kudeatzeko asmoa duten alderdiei:
- Euskarazko komunikabideen sektorearentzat ezinbestekoa den egonkortasuna bermatzeko konpromisoa, euskarazko ekosistema mediatikoak iraun dezan. Horretarako, digitalizazioak dakarren egokitzea burutzeko baliabide nahikoak eskainiz.
- Kalitatezko kazetaritzak eskatzen dituen lantaldeak eta haien soldata duinak bermatzeko konpromisoa.
- Egokitzeak eskatzen duen malgutasunaz jokatzeko konpromisoa, inongo kanpo faktorek eraldaketa prozesua zapuztu ez dezan.
- Euskal komunikabideen sektorea hitzez eta ekintzez prestigiatzeko konpromisoa.
- Euskarazko komunikabideen eraldaketan funtsezkoak izan daitezkeen aldaketa teknologikoetara egokitzeko bideak errazteko konpromisoa.
- Euskarazko komunikabideen egungo hutsune geografikoa zein tematikoak betetzeko egitasmo berriak sustatzeko konpromisoa