Ligako finala abiatuko dute asteburuan Txuri Urdineko neskek, eta finalerdiak mutilek
Etxean jokatuko dute asteburuan Txuri Urdinek neskek, belar hockeyko Donostiako Atletikok, Ibaeta Basketek eta Bera Berak. Kanpoan jokatuko dute, aldiz, Txuri Urdinko mutilek, belar hockeyko Realak, futboleko Realeko mutilek eta Gipuzkoa Basketek.
Denboraldia borobiltzen hasteko asteburua dauka aurretik Txuri Urdineko emakumeen taldeak, ligako fase erregularra lider bukatu eta finalerdiak nagusitasunez gainditu ostean (0-8 eta 2-1, Huarteren aurka), finala abiatuko baitu asteburuan, Majadahondaren aurka, etxean. Bihar jokatuko dute lehenengo partida eta etzi bigarrena, biak etxean. Ondoren, hurrengo asteburuan, Madrilen jokatuko dituzte beste bi neurketa. Lau partiden ostean berdinketa egongo balitz, bosgarren bat jokatuko lukete hilaren 16an, Donostian.
Bestalde, Txuri Urdineko mutilek laugarren bukatu dute ligako fase erregularra, eta finalerdiak abiatuko dituzte asteburuan, Jacaren etxean. Bihar eta etzi jokatuko dituzte lehenengo bi partidak, eta Donostian jokatuko dituzte hirugarrena eta laugarrena, hurrengo asteburuan. Bosgarren bat jokatu beharko balitz, Jacan jokatuko litzateke, hilaren 16an. Beste finalerdian Majadahonda eta Bartzelona neurtuko dira.
Hockeyarekin jarraituta baina belarretara pasatuta, etenaldiaren ostean, Realeko neskek liga berrartuko dute igandean, Poloren etxean. Ligako seigarrenak dira txuri-urdinak, eta puntuak batzen hasi nahi dute ligako bigarren txanpa hau. Bestela, Donostiako Atletikoko mutilek Tenis talde kantabriarra hartuko dute etxean larunbatean, ligako seigarren sailkatua; azkenak dira donostiarrak, beraz, ez da neurketa erraza izango.
Futbolean, kopako kolpe gogorretik errekuperatu beharko dira Realeko mutilak, Sevillaren etxean oso beharrezkoak dituzten hiru puntu batzeko. Europako postuetatik kanpo dago une honetan Reala, eta, beraz, beharrezkoa da andaluziarrei irabaztea, borroka horretan jarraitzeko; etxeko taldea hamabosgarren sailkatua da. Atseden hartzeko denbora gutxi izango dute ondoren donostiarrek, asteartean Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako itzulerako neurketa jokatuko baitute Anoetan, Paris Saint Germainen aurka. Bestalde, Realeko neskek ez dute partidarik jokatuko asteburu honetan.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek Zaragozaren aurka jokatuko du etxean larunbatean. Partida gogorra izango da, ligako hirugarrenak baitira aragoitarrak eta seigarrenak donostiarrak. Bestalde, Gipuzkoa Basketek Menorcaren etxean jokatuko du igandean. Ez luke partida zaila izan beharko donostiarrentzat, ligako hamalaugarren sailkatuak baitira etxekoak, eta hirugarrena da Gipuzkoa Basket.
Eskubaloian, astean zehar jokatuko du Bera Berak hurrengo partida, asteazkenean. Gran Canaria taldea hartuko du etxean, ligako bederatzigarren sailkatua. Lidergoa eskuratzeko lehia estuan jarraitzen dute donostiarrek, Malagarekin berdinduta eta Elxetik puntu batera.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, finala
- Txuri Urdin — Majadahonda (larunbata, 2, 20:30)
- Txuri Urdin — Majadahonda (igandea, 3, 14:30)
Gizonezkoen liga, finalerdiak
- Jaca — Txuri Urdin (larunbata, 2, 21:30)
- Jaca — Txuri Urdin (igandea, 3, 15:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 12. jardunaldia
- Polo — Reala (igandea, 3, 12:30)
Gizonezkoen liga, 12. jardunaldia
- Donostiako Atletiko — Tenis (larunbata, 2, 17:30)
Futbola
Gizonezkoen liga, 27. jardunaldia
- Sevilla — Reala (larunbata, 2, 14:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 23. jardunaldia
- Ibaeta Basket — Zaragoza (larunbata, 2, 18:00)
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 22. jardunaldia
- Menorca — Gipuzkoa Basket (igandea, 3, 17:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 20. jardunaldia
- Bera Bera — Gran Canaria (asteazkena, 6, 15:00)