Larunbat honetan Mapandreak proiektuaren erakusketa plazaratuko dute Kontadoresen
Irekiera 19:00etan izango da eta 19:30ean, 'Popperr, afterra, utopia' ikuskizuna izango da bertan, "plan konpletoa" eskainiz.
Larunbat honetan Mapandreak proiektuaren erakusketa plazaratuko dute Kontadoresen. Irekiera 19:00etan izango da eta 19:30ean, Popperr, afterra, utopia ikuskizuna izango da bertan, “plan konpletoa” eskainiz. Halaber, Lili Eme Drawsen eskutik sortutako hainbat ilustrazio egongo dira ikusgai.
Proiektuak Donostiako kale izendegiko emakumeak nabarmendu ditu. Hirian, eta oro har, Donostiako gizartean garrantzia handia izan duten emakumeen memoria eta ondarea berdintasunean baloratzea da mapa ilustratuaren helburua. Hori horrela, emakumeen eskulturak, muralak edo horien izenak daramatzaten kale eta eraikinak seinalatu dituzte mapa ilustratu batean. Ideia eta diseinua Ane Chuecarena da eta ilustrazioak Laura Matesanz de la Mazak egin ditu.
63 espazio dira, orotara; eta, besteak beste, Clara Campoamor, Elbira Zipitria eta Katalina Eleizegi nabarmendu dituzte, eta emakumez osaturiko langile taldeek ere dute euren tokia berdintasunaren mapan: Tabakalerako zigarro egileak, latsariak eta andereñoak, esaterako.