Ostatu erabilerei buruzko HAPOren aldaketari hasiera emango dio udalak
Aldaketa honen hasierako onarpenak ekarriko du hirian ostatu erabilerak ezartzeko lizentzien emakida etetearen luzapena beste bi urtez, 2026ra arte.
Donostiako Udalak hasierako onarpena eman dio ostatu erabilerei buruzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketari, eta martxoko udalbatzarrean mahai gaineratuko dute gaia. Eneko Goia alkateak gaurko Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako gaien prentsaurrekoan azaldu duenez, aldaketa honen helburua da “ostatu eta establezimendu turistikoen ezarpenari buruz indarrean dauden hirigintza aurreikuspenak berregokitzea”.
Establezimenduak honakoak dira, besteak beste: hotelak, pentsioak, apartamentu turistikoak, aterpetxeak, erabilera turistikoko etxebizitzak eta etxebizitzen gelak. Alkateak nabarmendu duenez, aldaketa honen hasierako onarpenak ekarriko du “hirian ostatu erabilerak ezartzeko lizentzien emakida etetearen luzapena beste bi urtez, 2026ra arte”.
Aldaketa proposamenak bi eremu bereizten ditu hirian: alde batetik, hirigintzako lurzati guztien etendura orokorra ezartzen du, horien kalifikazio xehatua alde batera utzita, Antigua-Ondarreta, Ategorrieta-Ulia, Erdialdea, Gros eta Ibaeta auzoetan. Hirian gainerakoan, beste aldetik, bizitegi lurzatietan baino ez da aurreikusten etenaldia.
Etenaldiaren ondorioz, ezinezkoa izango dela ostatu establezimendu eta erabilera berriak ezartzeko lizentzia ematea nabarmendu du alkateak, bai eta dagozkion obrak egitea edo lehendik daudenak handitzea ere.
Parte Zaharra etenaldi horretatik kanpo geratzen da, “eremu saturatutzat jotzen baita jada, 2020an araututako ostatu erabileren ezarpenari dagokion mugarekin”. Era berean, neuri honetatik kanpo geratzen dira lurzoru urbanizaezinean ezar daitezkeen kanpinak, nekazalturismoak eta landetxeak.