Realeko eta PSGko hamarnaka ultra identifikatu dituzte, baita objektu arriskutsuak konfiskatu ere
Ertzaintzak Realeko 50 bat ultra eta Paris Saint Germaineko (PSG) 100 bat identifikatu ditu azken orduotan, gauean Anoetan bi taldeen artean jokatzekoa den Txapeldunen Ligako partidaren harira. Izan ere, “arrisku handiko” partida izendatu dute, ultren artean egon daitezkeen istiluengatik; PSGko ultrak ultraeskuindarrak dira eta istiluak izan dituzte Europako hainbat tokitan, eta Realeko ultrek ere zenbait istilu izan dituzte, bereziki azkenaldian. Horregatik, segurtasun dispositibo berezia prestatu dute Ertzaintzak eta Udaltzaingoak.
Horrela, Ertzaintzak azaldu duenez, “atzo arratsaldean eta gaur goizaldean, Ertzaintzak Realaren arriskuko 50 bat jarraitzaile identifikatu ditu eta hogei bat ibilgailu miatu ditu”. Miaketa horietan, golfeko hamabost makila, metalezko barra bat, hiru piolet, lau aho-babes, metalezko bi hatz koskor pare, aizto bat, bi labana, makila luzagarri bat, bihurkin batzuk, mailu bat, bengala bat, bi tiradera errail, metalezko hiru banda, buru berokiak eta eskularruak konfiskatu dituzte.
Era berean, Ertzaintzak jakinarazi du “bi taldeetako jarraitzaile erradikalek elkarri eraso egiteko adostutako elkarretaratzeak detektatu” dituela goizaldean, eta “talde eta ibilgailu susmagarriak kontrolatu” dituztela Errege Katolikoak kalearen inguruan. Duela aste batzuk Parisen jokatutako partidan ere antzeko operazioak egin zituen Poliziak, PSGko hamabi ultra atxilotu baitzituzten, realzaleei eraso egin nahi zietela leporatuta.
Horrez gain, Frantziako Poliziarekin elkarlanean ere ari dira, eta horren baitan, PSGko 100 jarraitzailetik gora identifikatu dituzte atzo gauetik. Ildo horretatik, PSGko ultrez beteriko autobus bat gelditu dute gaur goizean Behobia inguruan, barruan doazenak identifikatu dituzte eta hainbat objektu arriskutsu aurkitu dituzte autobusean. Horrela, mugaren beste aldera bidali dute bueltan, eta han geldirik jarraitzen du.