Maria Paz Jimenezen azken garaiko margolanak eta collage teknika erabiltzen duen Julen Iztueta artistaren pieza bildumen arteko elkarrizketa da erakusketa.
Parte Zaharrean kokatua dagoen Ekain Arte Lanak galeriaren aretoak Maria Paz Jimenezen (Valladolid, 1909 – Donostia, 1975) azken garaiko margolanak eta collage teknika erabiltzen duen Julen Iztueta artista gonbidatuaren (Anoeta, 1987) nahasketa obra aurkeztu du, eta apirilaren 13ra arte ikusgai eta eskuragarri egongo da.
Proiektu honen helburua, bi artisten lana eta bi garaien arteko lotura elkartzea da, baina baita Maria Paz Jimenezen lana ere “gogora ekartzea eta Martxoak 8a datorren honetan Jimenezen lana ez ahaztea eta duen garrantzia aldarrikatzea”, azaldu du Rita Unzurrunzaga Schimtz galeristak.
Maria Paz Jimenezen bi pieza
Galerian aurkezten den Maria Paz Jimenezen bildumak hamabost koadrok osatzen dute eta hainbat formatu dituzte. Haietatik, hamalau olio mihise gainean egindakoak dira eta pieza bat egur baten gainean sortuta dagoela azaldu du Unzurrunzagak prentsari eskaini dion aurkezpenean. Jimenezen azkeneko denboraldiko arte lanak dira galeriaren hasieran aurkitu daitezkeenak; 1966 eta 1974 bitartean margotutakoak eta Abstrakzio Espazialaren ikerkuntza garaikoak direnak.
Espazioaren amaieran, Julen Iztuetaren
Especialismo íntimo izena duen obra dago. Urrunzagak honako nahasketa erakusketan parte hartzera gonbidatu zuen Iztueta, “biek dutelako amankomunean emakumeei eta identitateei buruzko eztabaida eta interesa”. Iztuetak Jimenezen obren arrakalak, testurak, koloreak, maindire formak eta tolesturak nabarmendu ditu bere hamalau piezetan. “Bere hutsuneekin konektatua sentitu naiz eta koloreari eta ñabardurei lehentasuna emanez” bere obra sortu duela azaldu du Iztuetak. Halaber, aurkezten duen pieza bildumak “desagertzearen esanahia aurkitzen du subjektu etereoaren intimitatea irudikatuz”.
Julen Iztuetaren bildumaren zati bat
Rita Urrunzaga galerista eta Julen Iztueta artista
Atzean, Iztuetaren obra zintzilik eta Jimenezena paretean
Iztuetak nabarmendu duen moduan, espazioak eta hutsuneak dira erakusketa honetan erdigunean daudenak: “misteriozko espazioa sortu nahi zuen Jimenezek eta espazio kosmiko hori, argitasunez eta kolorez bete zuen”.
Iztuetak maskulinitateak eta identitateak lantzen ditu bere artearen bitartez, eta collage formatua erabiltzen du 2019tik gorputzetan “hutsuneak sortuz eta aldizkarietako mozketetan atzeko parteari garrantzia emanez”. Modu horretan, sinbolikoki, identitatearen aurpegia eta atzealdean dagoena ere irudikatzea lortzen du.
Artisten ibilbideak
Maria Paz Jimenezek sei urte zituela Donostiara etorri zen bizitzera. Egile honek mundu osoan zehar aurkeztu zituen bere lanak eta 1943an plazaratu zuen bere lehen mostra Argentinan. Bere arte lanak hainbat hirietan erakutsi dira: besteak beste, Donostian, Bilbo, Gasteizen, Durangon, Irunen, Zarautzen, Burgos, Kordoban, Obiedon, Valladoliden, Madrilen eta Parisen. Jorge Oteiza eta beste eskultore askoren gertukoa izan zen Jimenez.
Julen Iztueta Anoetan jaio zen eta Arte Ederrak ikasi zituen Leioako EHUn. Egun, bartzelonan bizi da eta Hanburgo eta Berlin moduko hirietan aurkeztu ditu bere erakusketak. Identitatea, gorputza, hutsuneak eta maskulinitatea jorratzen ditu bere lanetan.