Kale egoeran daudenak entzun, elkarrekin auzo justuago bat eraikitzeko
Egian, gora doa kale egoeran dauden bizilagunekin elkartasuna. Guztiontzat Egiak antolatuta, 'En la calle' dokumentala aurkeztu, eta hainbat gazteren bizipenak jaso zituzten asteartean.
Zarata handia dagoenean, komeni da bolumena jaistea eta entzutea. Egian, azken hilabeteotako gertakari kezkagarrien aurrean, hainbat bizilagun antolatu eta Guztiontzat Egia Auzotar Sarea sortu dute. Asteartean, En La Calle dokumentala proiektatu zuten Teila Fabrikan, Donostiako kale egoeran dauden gazteen bizipenak bertatik bertara ezagutu asmoz.
Duela urtebete baino gehiago Youtuben dagoen dokumental bat ikusteko aretoa bete-bete uztea —aulki dezente gehiago ekarri behar izan zituzten— ez da ohikoa. Dokumentalean, Donostian kale egoeran dauden pertsonen bizipenak jasotzen dira. Datu eguneratuak eman zituzten aurkezleek: 400 bat lagun dira kale egoeran daudenak egun; horietatik 250-300 gauero doaz Kaleko Afari Solidarioak kolektiboak eskaintzen dituen afariak jasotzera. «Askotan, hau izan da gure eguneko otordu bakarra», kontatu du Mohamed Sahil gazte marokoarrak.
Izan ere, erakundeek ez dute behar adina eskaintzarik: bost egunetarako aterpea eskaintzen dute hiru hilabetean behin; bazkariak, 60 egunean, eta bazterkeria kronikoa dutenentzat; dutxa bat astean; garbigailua hilabetean behin… Eta hori baldintza guztiak betetzen dituztenentzat: etengabeko burokrazietan lotuta daude migranteak Donostian.
«Nork sinistu dezake laguntza bila gatozela hona?», galdetu zuen Anouar Hmidanek. «Hamaika ordu eman nituen itsasoan, arriskuan jartzen dugu geure bizitza, eta norbaitek sinistu dezake laguntzez bizi nahi dugula? Gehien-gehienak lan egitera eta ikastera gatoz», azaldu zuen.
Ordea, ez da hain erraza: hamaika dira Atzerritarren Legearen ondorioz bete beharreko baldintzak. «Urtebeteko lan kontratua eskatzen didate, baina hori ez da lortzeko hain erraza. Lan eskaintza eginda ere, askotan ez dut baimenik lortzen lanerako!». Dokumentalean ideia hori behin eta berriro azaltzen dute: «Ez dute laguntzarik nahi, lanerako eta bizitzeko eskubidea baizik. Gizaki modura tratatu gaitzatela, besterik ez».
Segurtasuna eta beldurra
Segurtasuna izan da azkenaldi honetan auzoan entzun den aldarrikapenetako bat. Alderdi Popularrak darama plenoetara, baina antzeko diskurtsoa izan dute bizilagun askok eta askok. Publikoko kide batentzat «ondo kontrolatutako» eztabaida bat da: «Beldurra sartzen digute; kasu isolatuak hartu, migranteak etsai komun gisa agertu eta gizarte osoa kontrolatzeko».
Abdoulaye Sarr senegaldarrak esaten du argien dokumentalean: «Ondo bizi ahal izateko, segurtasuna izateko, lehenik eta behin, lagunak behar dituzu. Harremandu beharra dago, integratuta sentitu».
«Segurtasunaz eztabaidatzen dugu, baina segurtasun gutxien dutenak dira kalean daudenak. Begi bat zabalik dutela egiten dute lo!», esan zuen publikoko beste kide batek.
Bazterkeria muturrekoa da une batzuetan Donostian. «Zentzugabeko akonpainamenduak egin behar izaten ditugu; medikura joaten gara haiekin, ganoraz artatuak izan daitezen, bestela, askotan, ez dietelako jaramonik egiten», azaldu zuen Garazi Montuschi ekintzaileak.
Montuschirentzat migranteekin harremantzea da gakoetako bat; elkar ezagutzea. Arazoei testuingurua jartzen lagundu zuen: «Leku guztietatik dira kanporatuak, leku guztietan tratatzen dituzte gaizki. Orduan, badaude batzuk jada ez dutenak ezer galtzekorik: ez dute esperantzarik. Horiei berdin zaie Poliziak harrapatzen badituzte, berdin zaie guztia». Gizarte bazterkeria erloju bonba bat da.
Polizia «pixka bat» arrazista
Poliziaren indarkeria da segurtasunaren ifrentzua. «Auzotar askok Poliziaren presentzia handiagoa eskatzen dute; baina ni nazkatuta nago nola egunero, egunero, dauden kontrolatzen, insultatzen, eta askotan, lapurtzen gazte migranteei», esan zuen Atotxako bizilagun batek.
Sahilek kontatu zuen, tamalez, askotan «lapurtu» dizkiotela gauzak poliziek: «Mugikorra eman zidaten Harrera Sarekoek, eta ez nuenez justifikanterik, kendu zidaten. Bizi nintzen kanpin dendara sartu ziren, eta nuen diru apurra kendu zidaten ere. Batzuetan, pixka bat arrazistak dira», gaineratu zuen
«Gutako nork darama mugikorraren erosketaren justifikantea gainean?», galdetu du aurkezleetako batek: «Diskriminazio argia da». Publikoko kide batek gehitu du: «Lapurrak direla esaten dute, eta topatzen dituzte sarekada batean 400 euro. Baina 400.000 euro lapurtu dituen bankariaren edo politikariaren dirua ez dute sekula topatzen!».
Izan ere, delitu txikiak dira, batez ere, kale egoeran daudenei egozten dizkietenak. «Eroskik salaketa jarri berri dio gure gazte bati, ogi barra bat eta atun lata bat lapurtzen saiatzeagatik. Ez da justifikatu behar, baina oso-oso adierazgarria da».
Aldarrikapen zehatzetara
«Soluzioak» eskatu zituen publikotik norbaitek. Argi dago, arazo konplexu bati irtenbide konplexuak eman behar zaizkiola. Eta formula magikorik ez dagoela. Hiru ildo nagusi jarri dituzte mahai gainean: batetik, elkar ezagutzea, eta aurreiritzi eta jarrera arrazistak alde batera uztea. Bizikidetzarako oinarrizkoa, egia esan. Bigarrenik, udalari baliabide gehiago eskatzea: «Poliziarentzako dirua ez da inoiz falta, baina zerbitzu sozialetarako ez da inoiz iristen». Hara hor, akaso beste pistetako bat. Hirugarren bat bota du batek: «Barku berean gaudela erakutsi behar dugu, eta, adibidez, etxebizitzaren arazoa elkarrekin borrokatu; bertakook eta kanpokook dugu arazoa gai honekin eta!».
Zeren bai, etsaitasuna erakutsi nahi duten arren, kanpotik datozen herritarrekin antzekotasun gehiago dugu Egiako bizilagunok, etxejabe eta enpresaburu euskaldunekin baino. Kaleak hartzeko deia da, beraz, hirugarren ildoa. Eta horretarako deialdia jarri dute: martxoaren 17ko arrazakeriaren kontrako martxa.