14 urteko donostiar bat atxilotu dute, ikastetxeetako ikasleei haur pornografia zabaltzea egotzita
Bi donostiar atxilotu zituzten atzo Donostian, 14 urteko bat eta adin nagusiko beste bat, intentsitate handiko haur pornografia edukitzea eta banatzea, eta adingabeak galbideratzea egotzita. Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak elkarlanean egindako operazioaren ondorioz, hamabi pertsona atxilotu dituzte, Donostiaz gain, Iruñean (Nafarroa), Toledon (Gaztela Mantxa, Espainia), Dos Hermanasen (Sevilla, Espainia), eta Madrilen (Espainia). 14 urteko donostiarra sarearen ustezko burua da, zeinetan gorroto mezuak, arrazistak, homofoboak eta faxistak ere zabaltzen zituzten. Guztira hamabi atxilotu eta 44 ikertu daude, Guardia Zibilak jakinarazi duenez.
Ikerketa azaroan jarri zuten martxan, Gipuzkoako ikastetxeetan guraso batzuek adingabeek Whatsapp bidez jasotzen zituzten mezuen berri eman ondoren. Izan ere, mezu horiek taldeetan zabaltzen zituzten, adingabeen baimenik gabe. 14 urteko atxilotuak, ustez, Donostiako etxe batetik kudeatzen zuen “ordenagailu nagusia”, zeinaren bidez “delitu ekintzak hasi eta dinamizatzen ziren”, bai eta telefono mugikor bat ere, intentsitate altuko haur pornografia hedatzeko erabiltzen zuena. 1.000 adingabe baino gehiago —gehienak Gipuzkoakoak— zeuden WhatsAppeko talde horietan.
El Diario Vasco egunkariak jakinarazi duenez, adingabea zaintzapeko askatasunean utzi dute, epaiketa noiz egingo zain, eta sare sozialak erabiltzeko debekuarekin.