Autokarabanentzako bigarren aparkalekua egingo dute Illunben
Urtero-urtero, udaberritik aurrera autokarabanak pilatzen hasten dira Ibaetan, unibertsitate inguruan. Donostiak autokarabanentzako aparkaleku bakarra du egun, baina bistakoa da eskaintzen diren 44 plazak ez direla nahikoa ibilgailu horietan datozen bisitarien beharrei erantzuteko. Hori horrela, Donostiak Mugikortasun sailak autokarabanentzako bigarren aparkalekua iragarri du aurtengo udarako. “Ibilgailu horiek sor ditzaketen eragozpenak konpontzeko formulak bilatzen jarraitzen dugu, batez ere kostaldean eta batez ere udan, horiek arautuko dituen ordenantza behin betiko onartzeko zain”, aitortu du Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak .
Illunben ezarriko dute gune berria, egungo aparkalekuaren aldamenean, eta 22 ibilgailurentzako lekua izango du. Nolanahi ere ez dute kopurua handitzea baztertzen: “Teknikariek adierazi digutenez, beharrak bultzatuta plaza gehiago beharko bagenitu, ez genuke arazorik izango”. Illunbeko autokarabanentzako aparkaleku berriak sarbide hesi bat eta seinale espezifikoak izango ditu, eta, Beriokoa ez bezala, doakoa izango da. Era berean, ez du aparkatzeko denbora mugarik izango: «Aparkalekuaren proiektua ia idatzita dago eta ekainean gaituta egotea aurreikusten da, eragiketa honi aurre egiteko behar dugun aurrekontua esleitu ondoren», adierazi du jeltzaleak.