Donostiako Udalak adineko emakumeak ahalduntzeko konpromisoak iragarri ditu
Udal taldeek Martxoaren 8an deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei.
Emakumeen nazioarteko egunean, Donostiako Udaleko talde guztiek adierazpen bateratua egin dute borroka feminista bultzatzeko. “Eraldaketa feministak eragin dituzten emakumeen belaunaldiekiko zorra aitortzea” bidezkoa dela adierazi dute Eneko Goia alkateak, eta eskumenen markoan konpromisoak iragarri ditu, borroka horrek etorkizunean ere bidea izan dadin.
Hala, banan-banan, udal talde guztiek konpromisoen berri eman dute adierazpeneko hitzok ahoskatuta. Horien artean, adineko emakumeei zuzendutakoan nabarmendu dira —hamaika konpromisotik, sei—. Besteak beste, adineko emakumeek esparru publikoan dituzten proiektuak bultzatuko dituztela iragarri dute udal taldeek, eta emakume belaunaldi horren ahalduntze ekonomikoa bultzatuko dutela (alargunak eta diru sarrera edo pentsio baxuak dituztenak lagunduta, batik bat).
Era berean, laguntza eta zaintza zerbitzu publikoak indartzeko erabakia hartu dute, adineko emakumeen autonomia ahalbidetzeko, eta adin tarte horren aurkako indarkeria matxistaren eragina neurtzeko ardura hartu dute.
Adineko belaunaldiei zuzendutako konpromisoez gain, udal taldeek emakumeen memoria historikoa eta ikusgarritasun soziala bultzatzen jarraituko dutela baieztatu dute. Adierazi dutenez, halaber, belaunaldien arteko topaketa eta elkarrizketa guneak babestu, eta mugimendu feministak aintzatesten lagunduko dute.