«Koalizioak Donostiari egonkortasuna ematen dio»
Bi legegintzalditan aholkulari izaten sartu eta zinegotzi izaten amaitu du Ane Oiarbide sozialistak (Amara, 1985). Azken hauteskundeetan Marisol Garmendiaren zerrendan hirugarrena zen, Donostiako PSE-EEn indarra hartuz. Garmendiak Espainiako Ordezkaria izango dela iragarri ostean, Oiarbide bihurtuko da PSE-EEren bozeramailea.
Sorpresaz hartu zenuen Garmendiaren erabakia? Nola hartu duzu ardura berria?
Berria joan den asteartean iragarri zen; niretzat baita ere, eta aldaketa naturala izan zen, ni bozeramaile ordezkoa nintzenez gero. Talde barnean honela zegoen egokituta, baina asteazkenean, Donostian ditugun hiru Herriko Etxeek osatzen duten Gran Ciudad exekutiboa bildu zen, eta hor aho batez onartu zen nire izendapena.
Taldearen bozeramaile gisa, zeintzuk dira jorratu nahiko zenituzkeen lehentasunak?
Taldearen lidergoa hartuko dut orain, baina orain arte ere, taldean bat gehiago nintzen. Lantaldearen lana Donostiaren alde eta donostiarren alde bideratzea izango da; bai gure artean, eta baita EAJekin dugun elkarlana sustatuz ere. Geuk geure ardurak eta departamentuak ditugu, baina gobernuarekin geure ardura eta gorabeherak ditugu.
Odon Elorzak eta Marisol Garmendiak iaz, Donostiako PSE-EEren lidergoaren inguruan lehia egin zuten. Zauririk utzi al du?
Guk, alderdi gisa, gure dinamikak ditugu lidergoak erabakitzeko. Iaz primarioak egin ziren eta Marisolek gainditu zituen. Orain beste epe berri bat ireki da nire figurarekin, eta horrela egingo dugu legealdia, ni bozeramaile gisa egonda. Eta 2027an ikusiko dugu.
Beste primario batzuk egingo dituzue?
Ikusiko dugu 2027an zer.
EAJk ia botoen herena galdu zuen azken hauteskundeetan; zuek, ordea, ez aurrera, ez atzera. Koalizioak on egiten al dio PSE-EEri?
EAJk azken hauteskundeetan botoak galdu zituen, eta guk zinegotzi kopuruan behera egin arren, botoetan gora egin genuen. Horrek islatzen du donostiarrek guregan duten konfiantza eta alderdi gisa egiten dugun lana. Talde gisa bakarrik analisia eginez gero, igual emaitzak ez dira hain onak. Baina ikuspegi zabalago batetik, koalizioak Donostiari egonkortasuna ematen dio, eta lan ona egiten ari gara.
Izan dituzuen desadostasunak mugikortasunean nabarmendu dira gehien. Zer egin da gaizki mugikortasun arloan?
Gure desadostasunak batez ere kanpainan nabarmendu genituen. Orain gure helburua da erabakiak amankomunean hartu ahal izatea bi alderdien artean, beti ez doazelako bat.
Legealdi honetan mugikortasun planaren eta emisio baxuko eremuaren planaren aurkezpena izango dugu eta martxan jarri beharko dira, horiek baitira hartu beharko ditugun bi erabaki garrantzitsuenak. Gobernuarenak izateaz gain, donostiarrenak ere badira, eta horrek dakar modu zabalean eta irekian hartu beharko direla: mugikortasuneko erabakiek hiriaren adostasuna beharko dute.
Etxebizitzaren auzian zer egin beharko litzateke hirian? Ez litzake igo behar babestutako etxebizitzaren ehunekoa?
Donostiak etxebizitzaren arazoa egiturazkoa du, betidanik izan dira oso-oso garestiak etxebizitzak. Alderdi sozialistatik lehentasun moduan ikusten dugu hemen bizitza proiektu bat garatu ahal izatea. Horretarako, ditugun tresnak dira etxebizitza publikoak sustatzea, batez ere.
Ordea, uste dugu udaletik soilik eragitea ez dela nahikoa, eta beharrezkoa da Euskadiko eta Espainiako Etxebizitzaren Legeak ahalbidetzen dituzten tresnak erabiltzea. Hor oso argi dugu: baiezkoa bozkatu genion Espainiako Legeari; ez horrela EAJk. Ez dugu uste konpetentziak zapaltzen dituenik, eta uste dugu beharrezkoa dela eta eskura ditugun tresna guztiak erabili behar direla.
Tentsio handiko eremua izendatzeaz ari zara?
Bai, eta alokairuen prezioak mugatzeaz; horren alde borrokatuko dugu erabat. Tresna guztiak erabili behar ditugu egoerari buelta emateko.
Etxebizitza babestuan, gutxieneko babestutik gora egitea bilatuko duzue?
Legeak, gutxienez, %40 egitea eskatzen du, eta hortik gora egitea erabat gustatuko litzaiguke. Baina egia da horrek eragina duela udalaren aurrekontuan, eta pisu hori osatu behar da beste departamentu eta proiektu guztiekin.
Gasteizen eta Iruñean EH Bildurekin akordio garrantzitsuak egin dituzue. Berdin Espainiako Gobernuan. Donostian ikusten al duzue akordioetara heltzeko aukerarik?
Hemen beste feeling bat dagoela dirudi, bai. Baina aipatutakoa, maiatzeko hauteskundeen ostean, koalizio gobernu batean gaude, eta momentuz, hori da daukagun formatua.
EAEko hauteskundeek zer giro sortzen dute udalean?
Politika joko honetan badaude epe batzuk eta hauteskunde hauetan nabaritzen da. Guk, ordea, geure egitaraua daukagu, eta aurrera goaz geure planarekin. Gu Donostian gaude eta donostiarrentzat egin behar dugu lan.
Martxoaren 8aren harira, zein da PSE-EEtik sustatu nahi duzuen mezua?
Gu alderdi feminista bat gara, beti defendatu nahi izan ditugu emakumeon eskubideak, eta Martxoaren 8a ere beste egun bat da gure posizioa zein den azaltzeko.
Mugimendu feministak zaintza jarri du eztabaidaren erdigunean.
Zaintza eredua berrikusi behar dugu, zaintzaile garen heinean, eta emakumeok hartzen ditugun arduren inguruan parekidetasunaren aldeko aldarria egokitzen da Martxoaren 8aren harira.
Azken urteotan Emakumeen Etxeak espazio handiagoa aldarrikatu du. Urratsik eman al da Easo kaleko egoitzara lekualdatzeko?
Joan den legegintzaldiaren amaieran aukera ireki zen Easo kaleko egoitza Emakumeen Etxea bilakatzeko eta hauteskundeak baino bi aste lehenago sinatu genuen, udala osatzen dugun bost taldeok, Emakumeen Etxea Easo kaleko egoitzan kokatzeko. Udaleko epeak nola diren ezagutua ere, konpromiso hori lotzea lortu genuen eta ikusiko dugu obrak nola doazen, baina Emakumeen Etxea hor egingo da. Emakume Etxeak ere aho batez onartu zuen.
Hurrengo urratsak zeintzuk dira, bada?
Donostiako Etxegintzak dauka ardura eraikina egiteko proiektua garatzeko. Aurten egin behar dute idazketa, eta gero gerokoak.