Ligako titulua eskura dauka Txuri Urdinek
Etxean jokatuko dute asteburuan Txuri Urdineko mutilek, belar hockeyko Realak eta Donostiako Atletikok, futboleko Realeko neskek eta Gipuzkoa Basketek. Kanpoan ariko dira, aldiz, Txuri Urdineko neskak, futboleko Realeko mutilak eta Ibaeta Basket.
Txuri Urdineko neskek ligako finala erabaki dezakete asteburu honetan Majadahondaren etxean, itzulerako bi partidak jokatuko baitituzte. Joan den asteburuan etxean joaneko biak irabazita, eskura dute titulua, eta Majadahondak biharko eta etziko neurketak irabazi beharko lituzke bosgarren partida bat jokatzera behartzeko. Hala izango balitz, hurrengo asteburuan jokatuko litzateke bosgarren neurketa erabakigarri hori, Donostian.
Bestalde, Txuri Urdineko mutilek ligako finalerdietako itzulerakoa jokatuko dute asteburu honetan etxean. Pasa den asteburuan, Jacaren etxean, lehenengo partida galdu egin zuten eta bigarrena irabazi; beraz, oso irekita dago kanporaketa. Asteburu honetan talde donostiarrak bi neurketak irabaziko balitu, finalerako txartela eskuratuko luke, eta egoera berean dago Jaca. Aldiz, bakoitzak bat irabazten badu, hurrengo asteburuan jokatuko da bosgarren neurketa erabakigarria, Jacan.
Hockeyarekin jarraituz baina belarrera joanda, Realeko neskek Club de Campo jasoko dute etxean igandean. Ligako liderrak dira bisitariak, eta, beraz, partida zaila izango dela aurreikusten da —txuri-urdinak seigarrenak dira—. Bestalde, Donostiako Atletikoko mutilek Egararen aurka jokatuko dute etxean, ligako hirugarrenaren aurka. Azken sailkatuak dira donostiarrak, eta, beraz, zaila izango da sorpresa ematea.
Futbolean, Realeko neskek Bartzelona geldiezinaren aurka jokatuko dute igandean Zubietan, eta parez pare jokatzea izango dute helburu, gol aukeraren bat sortu eta aprobetxatzeko itxaropenarekin. Izan ere, beste maila bateko taldea da Bartzelona. Mutilei dagokienez, Granadaren etxean jokatuko dute larunbatean, ligako azken-aurrenaren aurka. Kopatik eta Txapeldunen Ligatik kanpo gelditu ostean, txuri-urdinek ligan zentratzea baino beste aukerarik ez dute orain, eta larunbatekoa partida aproposa da irabazi eta bolada txarrari buelta emateko.
Azkenik, saskibaloian, Cadi La Seuren etxean jokatuko du Ibaeta Basketek larunbatean, ligako hamabigarrenaren aurka. Donostiarrak seigarrenak dira, eta sailkapenean ahalik eta goren bukatu nahi dute denboraldia; helburu horri jarraiki, garaipen bat eskuratzeko partida aproposa da biharkoa. Bestalde, Gipuzkoa Basketek gaur jokatuko du etxean, Tau Castelloren aurka. Ligako hamaseigarrena da Tau Castello, eta zazpigarrena Gipuzkoa Basket, beraz, ez litzateke partida bereziki zaila izan beharko donostiarrentzat.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen ligako finala, itzulera
- Majadahonda — Txuri Urdin (larunbata, 9, 21:40)
- Majadahonda — Txuri Urdin (igandea, 10, 14:40)
Gizonezkoen ligako finalerdiak, itzulera
- Txuri Urdin — Jaca (larunbata, 9, 21:00)
- Txuri Urdin — Jaca (igandea, 10, 14:30)
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 13. jardunaldia
- Reala — Club de Campo (igandea, 10, 9:45)
Gizonezkoen liga, 13. jardunaldia
- Donostiako Atletiko — Club Egara (igandea, 10, 12:30)
Futbola
Emakumezkoen liga, 19. jardunaldia
- Reala — Bartzelona (igandea, 10, 14:00)
Gizonezkoen liga, 28. jardunaldia
- Granada — Reala (larunbata, 9, 18:30)
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 24. jardunaldia
- Cadi La Seu — Ibaeta Basket (larunbata, 9, 19:30)
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 23. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket — Tau Castello (ostirala, 8, 20:30)