Zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatu dute Ibaetako campuseko Erraustu antolakundeko neska* ikasleek
Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Ibaetako EHUren campuseko Erraustu antolakundeko neska* ikasleek elkarretaratze bat egin dute zaintza sistema publikoa aldarrikatzeko. “Neska ikasleok sistema hau ez dugula zainduko aldarrikatzen jarraituko dugu. Neska ikasleoi lan prekarioak eta ez ordainduak egitea inposatzen zaigu, eta ondorioz, besteen bizitza sostengatzeko ardura esleitzen zaigu”, adierazi dute.
Unibertsitateetan antolaturik jarraitzen dutela azaldu dute, “zaintza pribatizatzen jarraituz gero, denok zainduak izateko eskubidea izango ez dugulako eta pribatizazioak ikasleok egun pairatzen eta jasotzen ditugun zapalkuntzak biderkatzea esan nahi duelako”. Egungo hezkuntza ereduak “subjektu pasibo” izatera “kondenatzen” dituela nabarmendu dute, eta baita gizonek lan karga emakumeen gain jartzen jarraitzen dutela ere.
Ikasleria zainduko duen hezkuntza sistema bat eskuratu nahi dutela adierazi dute: “Mugimendu Feministatik, zaintza sistema publiko komunitario baten ezinbestekotasuna jarri dugu mahai gainean. Bitartean, egungo unibertsitate eredu kapitalista, androzentrista eta arrazista elikatzen dihardutenak gure aldarriak xurgatu nahian dabiltza”.
Amaitzeko, nabarmendu dute hezkuntza feminista dela egungo hezkuntza sistemari aurre egiteko “erresistentziarako tresna”.