160 zuhaitz landatu dituzte Errekatxulo inguruan, Belartzak hondatutako ekosistema itzul dadin
Igande honetan martxoak 10, 30 boluntariok baino gehiagok parte hartu dute Haritzalde Naturzaleen Elkarteak Añorgako Errekatxulo erreka lehengoratzeko deialdian, 160 zuhaitz autoktono baino gehiago landatuz, erreka esku hartze antropikoaren aurreko ekosistema naturala itzultzen saiatzeko. Haltzadi kantauriarraren berezko espezieak erabili ziren landatzeko: haritzak, lizarrak, hurritzak, astigarrak, sahatsak, elorri zuriak, intsusa beltzak, zuhaixka arruntak eta erramua.
Errekatxulok 2000. urtearen hasieran galdu zuen ibai ekosistema, Belartza 1. poligonoaren eraikuntzaren betelanen ondorioz artifizialki kanalizatu izan ostean. Hormigoizko hormek hogei urte baino gehiagoz mantendu dute bizitzarik gabe erreka, ur eta ibaiertzeko ekosistemetako anfibioak, fauna eta flora sartzeko, ugaltzeko eta mantentzeko oztopo baitziren.
2020ko otsailean, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak zuhaitz landaketa jendetsua egin zuen Errekatxulo ibilguaren ibarbidean baso autoktonoa berreskuratzeko. Ekintza hura protesta gisa egin zuten, Donostiako udalak berriki onetsi izan duen Belartza 2 (Belartza Garaia) poligonoa geldiarazteko eta Unanue Natura Eremuaren barnean sartzeko eskatzeko.
Egitasmo horretatik abiatuta, Errekatxulo lehengoratzeko lanak egin ditu udalak, ubidearen bi zati eraitsi eta birnaturalizatu dira berriki, Europako laguntza-funtsekin (LIFE IP Urban Klima 2050). Landaketa honekin, Haritzaldek erakunde publikoek “ibilgu horren potentzial ekologikoa eta ibai ekosistema berrezartzeko egindako ekintza osatu egin nahi izan du eta Errekatxuloko ezkerreko ibaiertzean basoaren hazkundea indartuz halaber”.
Testuinguru horretan, eta beste ekintza batzuen artean, Haritzaldek Errekatxulo ondoko urlehortarretarako ugalketa putzu bat sortzea bultzatu nahi du, eremu hori desagertzeko arriskuan dagoen hegoaldeko igelaren banaketa eta ugalketa eremuaren barruan baitago.