Ekialdeko Barrutiko emakumeak omentzeko kalejira egingo dute igandean
Donostiako Udalak, Ekialdeko Barrutiko Berdintasun lantaldearen ekimenez, zona horretako hainbat emakumeri aitortza egiteko hiru atril jarri ditu berriki: Herrerako emakume bolarien omenezkoa, Altzako emakume milizianoen omenezkoa eta indarkeria matxistaren biktima bizirauleen omenezkoa. Igandean, hiru atrilak bisitatuko dituzte kalejiran, emakume horiek guztiak omentzeko. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako Trikitixa eta Pandero taldeak gidatuko du kalejira.
12:00etan abiatuko dira, Arrobitxulo parkeko bolatokitik, eta hiru atrilak bisitatu ostean, Herrerako topo geltokian bukatuko dute. Olatz Telletxea Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako Trikitixa eta Pandero irakasleak nabarmendu du ekitaldi honen helburua emakumeei “babesa eta ikusgarritasuna” ematea dela, “historian eta gizartean duten garrantzia aitortuz”. Omenaldia Ekialdeko Barrutiko Berdintasun lantaldearen proiektuaren barruan dago, Donostiako Udaleko Berdintasun Sailarekin, Altzako Historia Mintegiarekin eta Eihera kooperatibarekin lankidetzan garatutakoa.
Duela 30 urte baino gehiago, Gipuzkoako lehen emakume bolari federatuak izan ziren Herrerakoak, eta horregatik jarri dute euren omenezko atrila. Altzako emakume milizianoei dagokienez, faxismoaren aurka 36ko gerran egindako borrokarengatik omenduko dituzte. Halaber, indarkeria matxistatik bizirik atera diren emakume guztiak omenduko dituzte, bai eta indarkeria matxista guztien prebentzioan, arretan, erreparazioan eta desagerraraztean egunez egun borrokatzen eta lan egiten duten guztiak.