Donostiako musulmanak ramadanean
Meskitarik ezean, Donostiako musulmanek ez dute txoko berezirik ramadana ospatzeko. Hasi berri den islameko hilabete santuan, baraua egiten dute egun osoan zehar, eta «gorputza eta arima garbitzeko» aprobetxatzen dute. Joatekotan, Errenteriako meskitara joan ohi dira, eta hor, behar handiena dutenei laguntzen diete.

Hilabete sakratua hasi zen joan den igandean musulmanentzat: ramadana egiteko hilabetea. Donostiar askorentzat ezezaguna den arren, ehunka dira egunotan baraualdira animatzen diren donostiarrak.
Islamak hala aginduta, eguzkiak irauten duen orduetan, ezin da jan, ez edan, ez erre, ez sexu harremanik izan. Eta urte osoan musulman ona izan dena, «are musulman hobea» izan behar da hilabete honetan zehar. Ezjakintasunez beteta dago euskaldun askorentzat ramadana, eta zer esanik ez, islama.
Izan ere, askotan, «arabiar», «musulman» edo «islamista» terminoak sinonimoak balira bezala erabiltzen dira, gauza zeharo ezberdinak diren arren. Hizkuntza, etnia, erlijioa edo ideologiaren moduko faktore desberdinei egiten baitiete erreferentzia.
Musulmanak islama sinesten eta praktikatzen duten pertsonak dira; erlijio monoteista bat, eskritura sakratu batzuen bidez —Korana— zuzentzen dena eta VII. mendean Arabian sortu zena, Mahoma profeta nagusiaren eskutik. Oinarrizko bost zutabe ditu: Jainkoa bat eta bakarra dela eta Mahoma azken profeta dela onartzea; eguneko bost errezoak egitea (Wudhu, Dhuhr, Asr, Maghribn eta Isha’); ramadana egitea; karitatea edo zakat-a ordaintzea (urtean behin zure aurrezkien %2’5 beharra duen behartsu bati ematea); eta ekonomikoki, fisikoki eta mentalki posible baduzu, bizitzan behin Mekara joatea erromesaldian.
Arabiarrak, talde etniko eta linguistiko gisa, hizkuntza arabiarraren erabilera komuna dute ezaugarri. Arabiako penintsulatik etorritakoak, VII. eta VIII. mendeetan Afrika iparraldeko eta Ekialde Hurbileko lurraldeetan zehar egonkortu ziren.
Musulman guztiak ez dira, beraz, arabiarrak. Ezta gutxiago ere. Musulman gehien duten munduko hamar herrialdeetatik bi soilik dira arabiarrak. Lehenengoa, Pakistan da, 240,8 milioi musulmanekin, bigarren Indonesia 236 milioirekin, hirugarrena India 200 milioirekin, laugarrena Bangladesh 150,8 milioirekin, bosgarrena Nigeria 97 milioirekin, seigarren Egipto 90 milioirekin, ondoren, Turkia 84,4 milioirekin, Iran 82,5 milioirekin, Txina 50 milioirekin eta hamargarrena Aljeria, 43.700.000 musulmanekin. Senegaletik hasita Uzbekistaneraino, Marokotik Indonesiaraino, milioika dira mundu osoan zehar banatuta dauden musulmanak, kultura eta tradizio guztiz ezberdinak dituztenak.
Islama Donostian
Oso zaila da musulmanen komunitatea zenbatzea, izan ere, gaur egun ez dago errolda erlijioso fidagarririk. Berdin kristauekin. Berez, kristau gisa kontabilizatu direlako orain arte bertan jaiotakoak.
Edonola ere, Ikuspegik Euskadiko Erlijioen Mapa egina du. EAEko erlijio aniztasunari buruzko informazioa jasotzen da bertan, herriaren erlijio atxikipenari dagokionez. Horretarako, atxikipen erlijiosoaren kasuan, kalkulu estatikoa egin da, Pew Research Centerrek eta CIA Factbooks 2018k emandako datuetatik abiatuta, eta, horrela, munduko atxikipen erlijiosoen zerrenda egin dute, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi den populazioaren jatorria kontuan hartuta, ehunekoak aplikatuta.
Datu horiek, beraz, ez dira erabat fidelak, baina dauden bakarrak dira. Hitz egin dugun musulmanen ustez, islamaren kasuan gehiago dira, gainera: «Asko joan-etorrian daude, asko ez dira meskitara joaten; meskitan geundenenean, hilabetean 5-10 lagunek besarkatzen zuten islama: bertakoak eta latinoamerikarrak, gehien bat».
Datu horien arabera, Donostian 126.556 katoliko daude (%67,8), 44.250 sinesgabe (%23,71), 5.540 musulman (%2,97), 2.885 ebanjeliko (%1,55), 1.307 ortodoxo (%0,7), 250 budista %0,13 eta 425 beste erlijio batzuetakoak (%0,23).
Atzerritarrei dagokienean, Donostian 19.774 pertsona jaio dira beste herrialde batean (%10,59). Horietatik, 9.399 katolikoak dira (atzerritarren %47,53), 2.885 ebanjelikoak (%14,59), 2.527 sinesgabeak (%12,78), 2.035 musulmanak (%10,29), 1.307 ortodoxoak (%6,61), 425 beste erlijioetakoak (% 2,51) eta 250 budistak (%1,26).
Azkenik, ikerketan jasotzen denez, Donostian 34 eliza katoliko daude, zazpi eliza ebanjeliko, bost tenplu budista eta bi eliza ortodoxo. Hirian musulman mordoa egon arren, ez dago meskita bakar bat ere. 2023an Herrerako zentro islamikoa itxi ostean, Donostian ez dago biltzeko gunerik musulmanentzat, eta gehien-gehienak Hernaniko eta Errenteriako meskitetara joaten dira.
Jatorria kontuan edukita, erroldaren arabera, herrialde musulman jatorria duten Donostiako herritarren banaketa honakoa da: marokoarrak 1.777, pakistandarrak 250, aljeriar 273, senegaldarrak 115 eta 50 baino gutxiago dira nigeriarrak, maliar, ghanatarrak eta gainontzeko herrialdeetakoak. Argitu moduan, oraindik erroldan onartuak ez dauden herritar gehiago dago.
Ekuador-Pakistan
Jatorri eta erlijio aniztasun horren isla da Egian bizi den Sheikh-Guevara sendiarena. Pakistanen jaio zen Usman Ayub Sheikh, 1990ean, eta Donostiara etorri zen, doktoretza egitera. Ekuadorren jaio zen Maria Guevara, 1992an, eta zortzi urte zituela etorri zen Amara Berrira bizitzera. Orain dela zazpi bat urte «besarkatu» zuen islama.
Parisko Charlie Hebdoren atentatuek zer pentsatua eman zioten, eta islama ikertzen hasi zen, hori nola gerta zitekeen ulertzeko asmoz. «Konturatu nintzen islamarekin zerikusi gutxi zuela horrek, eta erlijioak kontrakoa erakusten duela».
Herreran zegoen zentro islamikoan boluntario ari zirela ezagutu zuten elkar, eta handik gutxira, ezkondu egin ziren, orain lau urte inguru. Baraua apurtzear direla hartu gaituzte etxean, haien bi alabekin, eta iftarrean lagundu ditugu. «Apur bat nekatuta gauden arren, ramadana elkartzeko garaia da», azaldu dute.
Guevarak onartu du zailagoa dela ramadana egitea Donostian, herrialde islamikoekin alderatuta: «Goizean, lehenago jartzen dira martxan, eta 13:00ak aldera dena gelditzen da, lana, umeak… Orduan, atseden apur bat har dezakete. Hemen alabak eskolan daude, gu lanean… Eta jende guztia bizitza normala egiten. Bakartiagoa da hemen».
«Tentaziorik ere ez dago», gehitu du Sheikhek: «Lanean inork ez du kaferik hartzen, jatetxeak itxita daude… Hemen ez da honela. Egia da orain gure enpresan Marokoko eta Egiptoko jendea dagoela, eta pakistandarrak, espainiarrak, euskaldunak… Beraz, jende gehiago ari da ramadana egiten!».
Baraua
«Gorputza eta arima garbitzeko» erritua da ramadana. Barauaren alderi positiboak kultura gehienetako tradizioetan topatu daitezke, eta zelulen eta grasen garbiketa dakar. Mendebaldeko dieta askotan bogan jartzen ari da barau intermitentea, osasunarentzat dituen onurengatik.
Bestetik, «instintu naturalak kontrolatzean» datza ramadanaren beste gakoetako bat: «Urtean zehar, zenbat alditan, taberna ondotik pasatzen zara eta tortilla pintxo bat jaten duzu, eta ondoren kafe bat… Konturatzen zara askotan ez duzula behar, kapritxoak direla».Honela, gorputza diziplinatzeko arte gisa ere ikusten dute ramadana. «Geure burua kontrolatzen ikasten dugu, eta, adibidez, mugituagoak direnek lasaiago egoten ikasten dute».
Beste onuretako bat, Guevararen ustez, da «errukia praktikatzea» lortzen duzula, «gehien behar dutenen azalean jarrita»: «Lehenengo baraualdiaren ostean, negar egin nuen, hain nengoen eskertuta, janaria nuelako. Eta gaur, adibidez, Gazako herritarrengan dugu gogoa. Baraua bukatzerakoan, jateko ezer ez dutelako izango!».
Alaba nagusia iaz hasi zen ramadana egiten, haurrak derrigortuak ez dauden arren. Lau Haizeta ikastetxean, lagun bat bakarra du ramadana egiten: «Iaz galdera gehiago egiten zizkidaten, baina aurten normalagoa da. Txikitan egun batzuk egin nituen, baina iaz erabaki nuen osorik egitea. Gustatzen zait, hobeto sentitzen naiz, eta adibidez, ahizpa txikiarekin pazientzia gehiago izaten dut!».
Islama besarkatzea
«Normalean hedabideek zabaltzen dutenaren kontrakoa» da islama Soxna Muslimaturentzat. Euskalduna da Muslimatu. Parte Zaharrean jaioa, bizitza osoa darama Donostian bizitzen eta duela sei bat urte hasi zen islama praktikatzen. «Hasieran jendeak galdera mordoa egiten zidan, eta pixka bat nekatuta nago azalpenak emateaz». Horregatik, erreportaje honetarako nahiago izan du bere jatorriko izena ez erabiltzea, eta Senegalgo iman batek jarritakoa erabiltzea.
«Kalean zebilen mutil senegaldar bat ezagutu nuen. Lagundu egin nion, jende gehiena laguntzen dudan moduan, nire izaeraren parte delako, eta egun batean, Alaz hitz egin zuen», kontatu du. Gutxika, informatzen hasi zen, eta islamak bere bizitzarako erantzun mordoa ematen zizkiola sentitu zuen. «Nik ez dut Big Bang teorian sinesten, eta denok horrelakoak garela, kasualitatez. Islamak bilatzen nituen erantzun asko eman dizkit».
Beste era batean laburtzea gustatzen zaio: «Ni asko lasaitzen nau, eta ez diot inori kalterik egiten. Badira, bai, on egiten digutela uste dugun gauza asko, inguruan kalte handia eragiten dutenak». Alkohola eta tabakoa aipatu ditu, esaterako: «Musulmana naizenetik utzi egin ditut, eta zer nahi duzu esatea, askoz zoriontsuagoa naiz ordutik». Tamalez, «jende asko galdu» du Muslimatuk: «Lehen zapirik eramaten ez nuen arren, edateari uzten diozunean, galdetu egiten dizute. Oraindik ere, jendea aldendu egiten da, musulmana naizelako».
Bizitzaren erantzunak
Erlijio guztiek ematen dituzte bizitzaren galdera handienen erantzunak. Gehienak, heriotzaren ondorengoari buruzkoak. Muslimaturentzat, bada halako estoizismo bat islamean, berarentzat, bederen, baliogarria dena bizitzari aurre egiterako orduan: «Gauza batzuk ez daude geure esku, eta horiek ez kontrolatzen erakusten du islamak».
«Arabieraz asko esaten da inshallah [euskarara oxala gisa eboluzionatu zuena], eta Senegalen askotan erabiltzen dute, gauza bat gustatuko litzaiekeela esateko. Eta nik askotan esaten nien: Inshallah baietz, edo inshallah ezetz?», dio, barrez. «Zure esku dagoen guztia egin ezazu, eta zure esku ez dagoenaren aurrean, lasaitu zaitez. Nik orain arte ez dut inoiz eduki lasaitasun hori, eta orain ikasten ari naiz, islamari esker».
Gainontzeko erlijioekin alderatuta, eta kristautasunarekin, bereziki, Muslimatuk azaldu du «kristautasunak gezur asko eman» dizkiola, bai txikitan eskolan, eta baita ere, orokorrean, Euskal Herrian, botereari lotuta, eta abar.
Islamak ere bide ugari ditu. «Gehien zabalduta dagoena Saudi Arabiarena da; meskita guztietan dauden doako liburuak Saudi Arabiak ordainduak dira. Eta beraiek oso erradikalak dira», dio Muslimatuk.
Itzulpenik ez
Islamaren berezitasunetako bat hizkuntzari loturik dago: Korana ezin da beste hizkuntzetara itzuli. Tira, itzuli, itzuli daiteke, baina ez da ofizialki onartzen. Korana, beraz, bat eta bakarra dago, «Mahomak berak idatzi zuena», eta musulman guztiek ikasten dute hori bera.
«Noski; bestela aldatu egiten da», defendatu du Muslimatuk: «Itzuliaren itzuliaz, berrinterpretazioak eta beste… galdu egiten da esentzia». Musulmanen ustez, hain zuzen, hori gertatu da beste erlijio abrahamdarrekin: Elizaren kontzilioek Biblia aldatu egiten zuten, asko gutxi, desitxuratuz, «komenigarria ez zelako». Zuk ezin duzu pertsona gisa gehitu eta kendu zuri iruditzen zaizuna», dio.
Musulmanentzat, hain zuzen, Jesus jainkoaren profeta bat zen (Isa deitzen diote), eta hala onartzen dute Noe (Nuh), Abraham (Ibrahim) eta Moisesekin (Musa). Mahoma da, beraz, azken profeta, eta hain zuzen, horregatik, ezin da bere esana itzuli, beti berdin mantendu dadin. «Islamak ez du esaten judaismoa eta kristautasuna egia ez direnik, baizik eta gizonak hondatu egin duela», argitu du Muslimatuk. Korana itxi egin da, inoiz ez aldatzeko.

Errenteriako Meskitan biltzen dira egunero janaria banatzeko Donostialdeko musulman ugari.Beñat Parra
Diziplina edukitzen ikasteko
Sheikhrentzat egunean zehar errezatzeak zeure buruarekin diziplina edukitzen laguntzen dizu, eta errutinatik ateratzen: «Zortzi orduz lanean etengabe egon eta gero, zeure buruari galdetzen diozu ,’nor naiz?’. Errezatzeak laguntzen dit hortik ateratzen, eta makina bat izateari uzten».
Mindfulness-a ekarri dugu gogora, zeure buruarekin egoteko une gisara ikusten baita meditazioa. «Erlijio ezberdinek antzeko metodoak dituzte, bai, baina zeure buruarekin konektatze hori, benetan, zeu baino gehiago den horrekin konektatzen saiatzea da. Energia deitzen zaio askotan, baina, nire ustez, jainkoaz ari dira».
Islamean, ez dago jainkoaren irudirik. «Ala deitzen diogu, baina jainkoa esan nahi du. Hau da, ez dago jainko ezberdinik. Ezin da pluralean esan, bakarra delako, eta ez du genero markarik. Unibertsoaren gainetik dago eta ez dago gure hitzekin azaltzerik. Erlijio guztien jainkoa da Ala, haiek ez dakiten arren», defendatu dute.
Kontrakoa iruditu dezakeen arren, idoloak gurtzea gaizki ikusita dago islamean. «Norbait hasten da inspirazio gisa idolo edo ikono bat gurtzen, eta beren bilobek jainkotiarra bihurtzen dute». Profeten eta santuen arteko ezberdintasuna da nabarmena: islamean ez dago santurik.
Aipatu gisan, erlijioaren oinarrian dago Alaren patua onartzea. «Gertatzen zaigun guztiak helburu on bat du; ez bada bizitza honetan, hurrengoan». Palestinaren patua ekarri dute berriz ere hizketaldira: «Inoiz ez genuen horrelako sarraski bat ikusiko genuenik ere imajinatuko. Onartezina da. Baina horri esker, ikusten ari gara nork agintzen duen munduan, eta nola herrialde musulmanetako agintari asko ere hipokrita hutsak diren».
Islama pertsonak baino perfektuago
Zaila egiten da batzuetan erlijioaren alderdi samurrez gozatzea, arantzak kontuan hartu gabe. Emakumeen egoeraz galdetuta, Muslimatuk argi du, askotan, onartezinak diren jarrerak daudela, baina, orokorrean, «emakumea asko errespetatzen» dela uste du. Gertatu izan zaio noizbait Errenteriako meskitan bazkaria «sobratzen bada» eskaintzea, «lehenago gizonei emanda, noski»: «Nik horrelakoak ez ditut onartzen, eta joan egiten naiz. Baina hori kulturala da, ez erlijiosoa; non jartzen du Koranean gizonezkoek jan behar dutela lehenengo eta gero emakumezkoek?».
Ildo horretatik, defendatzen du Guevarak islamaren ikuspegi berdinzalea: «Islamaren oinarriak ikusita, argi dago: ez dago klasismorik, genero diskriminaziorik. Justizia totala da, aberats eta pobreen artean, beltzen eta zurien artean. Gaur egungo sisteman ez dago, inondik inora ere. Ez eta herrialde islamikoetan, noski! Gobernu asko okerrenak dira. Amorrua sentitzen dugu. Musulman boteretsuek ez badute ezer egiten! Islama zer den jakin nahi baduzu liburuetan dago: islama perfektua da, musulmanak aldiz, defektuz josita gaude».
Mendebaldetik etsaitasun eta islamofobia handiz irakurri da islama, mendeetako gatazkak horren lekuko. Eskuin muturra islamaren kontra ari den moduan, ari da ere eskuin muturra islama erabiltzen, arabiar herrialdeak zapaltzeko. Ordea, izan badira, hemengo askapenaren teologiaren ildoko islamaren praktikak ere. Ezin ahaztu, besteak beste, Malcolm X-ren gisako iraultzaileak, ezeren aurretik musulmanak zirenak.
«Gizon eta emakume batengandik sortu zaituztegu, eta herri eta tribu ezberdinak egin dizkizuegu elkar ezagutu zaitezten(…)», dio Koranak (49:13). Munduko herri guztiek, bata bestean elkar ezagutzea bilatu beharko dute, beraz. Honela, ez bestela, topatuko baita hainbatek aldarrikatzen duten elkarbizitza.
Eta gure apaizen aholkuari muzin egin beharko: «Egin ezazu nik diodana, eta ez egiten dudana». Muslimatuk esaten duen moduan: «Errezatzen baduzu, baina ez baduzu intentziorik jartzen, gimnasia besterik ez da». Hiru ramadan aste dituzte aurretik donostiarrek, elkar ezagutzeko eta okerren daudenekin elkartasuna praktikatzeko une ezin hobea.