Groseko eta Egiako zutabeak batuko dira igandeko arrazakeriaren aurkako martxara
Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako 27. Martxa abiatuko da igandean, 11:00etan, Trintxerpeko azokatik.

Igande honetan Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako 27. Martxak egunari hasiera emango dio. Trintxerpeko azokan, 11:00etan, elkartuko dira, eta 12:30ean Alderdi Ederretik abiatuko den Palestinaren aldeko mobilizazio masibora batuko dira.
Bidetik, SOS Arrazakeria Gipuzkoak, Medicus Mundik eta Euskadiko GGKE koordinakundeak antolatu duten martxara Groseko eta Egiako auzotarrak batuko dira. Guztiontzako Egia Auzotar Sareak zutabea antolatu du 11:15etan Plaza Haundin eta Grosera jaitsiko dira auzoko Ongi etorri Eskolara elkartearekin martxara elkarrekin batuz.
‘Kurba arriskutsua’
Kurba arriskutsuaren ideiaren bidez, eskuin muturreko diskurtso arrazistak gizartean zabaltzen ari direla nabarmendu nahi dute. Horretarako, Usandizaga institutuko Diseinu Grafikoko ikasleek hainbat seinale sortu dituzte, gizarteari diskurtso horiekin kontuz ibiltzeko adierazteko. Manifestazioan ikusi ahal izango dira Usandizagako ikasleek sortu dituzten kartelak.
Arantxa Garin Usandizagako ikasleak elkarrizketa batean nabarmendu duenez, “gizartea eskuinerantz hartzen ari den bide hori zuzentzea” da kanpainaren helburua nagusia. Gizartea “kurba arriskutsu” batean sartzen ari dela irudikatzeko, trafiko seinaleak hartu dituzte oinarri, eta hainbat abisu eta aholku sortu dituzte: “seinaleen berezko esanahia kontuan hartuta, guk irudikatu dugu kasu honetan zein esanahi izango lukeen”.