Hemezortzi urtez Txillidaren prozesua argazkitan bildu zuen gizona

Jesus Uriartek eta Eduardo Txillidak oraindik elkar ezagutzen ez zutela, Haizearen Orrazia-ren instalaziora joan zen argazkiak ateratzera. Argazki horiek urte luzez gordeta izan zituen Uriartek, eta, egun, Txillidaren eta Donostiaren eskulturaren irudi ezagunenetako bat dira.
Urte batzuk aurrera, 1982an, Uriarteri eskatu zioten Txillidaren lanak eta lan prozesuari argazkiak egiteko, eta denborarekin, laguntasun harreman bihurtu zen. 2000. urte arte, etengabe aritu ziren elkarlanean argazkilaria eta eskultorea. Txillidaren argazki ezagunenak batuta, liburua eta erakusketa ondu du Jon Uriarte komisarioak Kutxa Fundazioaren babesarekin.
Lau gune ditu gaur ireki den erakusketak: lurra, papera, burdina eta harria. Txillidak lan egin zuen lau material nagusiak irudikatuz. Bertan ikusiko ditugu Haizearen Orrazia-z gain, Elogio del Horizonte eta Monumento a la Tolerancia obren lanak.
Erakusketa Tabakalerako Kutxa Fundazioaren Artegunea aretoan dago, eta Txillidaren mendeurrenaren baitan kokatua dago. Aurkezpenean nabarmendu zutenez, “ezin hobeto jakin zuen Uriartek Eduardo Txillidaren alboan egoten, hark berak esan bezala, ‘trabarik egin gabe’. Uriartek profesionaltasun eta sentiberatasun handiz fotografiatu zituen prozesu horiek unez une eta konplizitate handiz”.