Martuteneko auzo elkarteak polizia operazioa salatu du
Gisa honetako operazioekin "gorrotoa sortzea" besterik ez dela lortzen argudiatu dute.

Hedabide honi bidalitako oharrean Martutene Bizirik auzo elkarteak azaldu duenez, bi urte daramate Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari Agustindarren eraikinari dagokionean soluzioak exijituz. Hogei bat urte darama etxeak hutsik, eta kale egoeran dagoen jendeak erabiltzen duela eta, hainbat arazo izan dira bizilagunen artean.
Auzo elkartearen iritziz, ordea, “gai honetan arduradunak Donostiako Udala eta Eusko Jaurlaritza dira” eta “pilak jartzeko” exijitu diete. Izan ere, atzoko polizia operazioaren harira, bestelako soluzioak behar direla pentsatzen dute. Zuzen mintzatu dira: “Ekuazio horretan, errudun bakartzat hartzen baditugu okupak eta eskaera bakarra bada ‘segurtasun gehiago’, guk uste dugu akatsa dela; horrek gorrotoa sortzen baitu, eta Martutenek daukan arazoa ez da konponduko soilik atxiloketak eta sarekada polizialak egiten”.
Hiritarron Harrera Sareak ere, atzoko operazioa gogor kritikatu du. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ez luketela atzerritartasunaren arloan esku hartu behar iritzi du kolektiboak. Hedabideen hipokrisia salatu dute: “Harrituta daude eraikin horretan bizi diren pertsona kopuru handiarekin. Ez al dakite ehunka pertsonak ez dutela non lo egin gure hirian? Hori ere saihestuko litzateke Harrera Saretik eskatzen ari garen La Sirena bezalako ostatuak baleude”.
Atzoko egoeraren aurrena, “atxilotutako pertsona guztiak aske uztea eta kanporatzeko aginduak indarrik gabe uztea” eskatu du Harrera sareak. “Eta, berriz ere, kaleko egoeran dauden pertsonentzako harrera-plazak egokitzea eskatzen dugu, abandonatutako eraikinetan, Martutenekoan esaterako, babesa bilatu behar baitute okupen estigma kargatuz. Egunetik egunera premiazkoagoa da”.